Politika -
CISen inkesta
PPk irabaziko lituzke Galiziako hauteskundeak, gehiengo osoz
En Marea eta PsdeG bigarren postuaren lehian egongo lirateke, berdinketa teknikoa izanik bien artean boto–asmoari dagokionez (% 19,9).
Agentziak | Erredakzioa
Alderdi Popularrak, Alberto Nuñez Feijoo buru izanik, irabaziko lituzke irailaren 25ean egingo diren Galiziako hauteskunde autonomikoak, botoen % 44,9 eskuratuta. Horrek esan nahi du 40 eta 41 eserleku lortuko lituzkeela, hau da, gehiengo osoa lortuko lukeela hirugarren aldiz jarraian, eta egun duen ordezkaritza berarekin (41).
Bien bitartean, En Marea (Luis Villares hautagaiarekin) eta PsdeG (Xoaquin Fernandez Leiceaga hautagaiarekin) bigarren postuaren lehian egongo lirateke. Lehendabizikoak 15 eta 17 diputatu bilduko lituzke aurreikuspenen arabera, eta bigarrenak, berriz, 15. Gainera, berdinketa teknikoa egongo litzateke bien artean boto–asmoari dagokionez (% 19,9).
Bere aldetik, Ana Pontonen BNG alderdiak bi ordezkari lortuko lituzke Galiziako ganberan (gaur egun zazpi ditu), eta Ciudadanos lehenengo aldiz Legebiltzarrean sartzeko zorian legoke Cristina Losada hautagaiarekin, diputatu bat lortzekotan baitago.
Aipatu datu guztiak CISek eman ditu gaur jakitera, hauteskunde-kanpaina hasteko ordu batzuk besterik ez direnean falta.