Politika -

Eskandaluaren ostean

Jose Manuel Soriak uko egin dio Munduko Bankuko lanpostuari

Munduko Bankuko zuzendari exekutibo izateko hautagaitza aurkeztu zuen Espainiako Industria ministro ohiak eta horrek hautsak harrotu zituen.

Jose Manuel Soria Diputatuen Kongresuan. Artxiboko irudia: EFE
Jose Manuel Soria Diputatuen Kongresuan. Artxiboko irudia: EFE
Jose Manuel Soria Diputatuen Kongresuan. Artxiboko irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Manuel Soria Industria ministro ohiak gutuna bidali dio Ekonomia Estatu idazkariari Munduko Bankuko zuzendari exekutibo izateko hautagaitza erretiratu egin  duela jakinarazteko.

EFE albiste- agentziak Espainiako Gobernuaren iturriak aipatuta zabaldu duenez, Soriak "neurrigabetzat" jo du bere izendapenak eragin duen iskanbila politikoa eta zehaztu du Exekutibo zentralak eskatuta egin duela atzera.

Horrez gain, Soriak azpimarratu du ez dagoela auzipetuta, ez dagoela ikerketapean, epaileek ez dutela zigortu eta Munduko Bankuko kargu izateko gaitasungabetuta ez dagoela, baina, hala ere, lanpostuari uko egiteko erabakia hartu duela.

Soriaren hautagaitza joan den ostiralean egin zen publiko, Mariano Rajoyren inbestidura saioaren bigarren bozketaren ostean eta Industria ministro ohia Panamako paperetan zegoela jakin zenetik bost hilabete igaro direnean.

Soriaren familiak paradisu fiskaletan zenbait sozietate zituela ezagutarazi zuten orduan eta astebetez azalpen kontraesankorrak ematen aritu ostean, Soriak Industria ministro kargua utzi behar izan zuen.

Munduko Bankurako hautagaitzak eragindako polemikaren harira, Alderdi Popularrak ministro ohia babestu zuen eta aipatu lanpostura aurkezteko  eskubide osoa zuela adierazi zuen, politikagintzan aritu den arren, funtzionarioa dela argudiatuta.

Alabaina, PPko zenbait buruzagik, hala nola Alberto Nuñez Feijook, Cristina Cifuentesek eta Esperanza Aguirrek oposizioaren kritikekin bat egin eta Soriaren hautagaitza onartezina dela adierazi dute azken egunotan.

"Eredugarria"

Rafael Catala Justizia eta Sustapen jarduneko ministroaren iritzian, Soriaren uko egitea "eredugarria" izan da eta ministro ohiak "lanpostu hori eskatzeko eskubide osoa zeukan".

Onda Ceron egindako adierazpenetan, sortu den iskanbila "aurreikustea falta izan da" -dio Catalak- eta Soriak "ikusi eta atzerapausoa eman du".

Catalaren iritzian, "zerbitzu publiko eredugarria egin duen pertsona baten heriotza zibila bidegabea da" eta, gaineratu duenez, zerbait azaltzeko zaila denean, esan nahi du arazo bat dagoela, "komunikazioa politikarien gainditu gabeko irakasgaia" da eta.

"Ez zitzaion neurria hartu Soriaren proposamenaren albisteari. Baloratu izan balitz, ez zen emandako urratsa emango", baieztatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Albisteak Alderdi Popularra Ustelkeria politikoa gaur Gaurko azken ordukoa