Politika -

Polizia lege berria

Foruzaingoaren 30 buruzagik dimisioa eman dute

Polizia Lege berriaren kontra daudelako dimititu dute. Araudi berriaren arabera, urritik aurrera soldata eta ordutegi aldaketak izango dituzte foruzainek.

Lau foruzain, Burlatan. EiTB
Lau foruzain, Burlatan. EiTB
Foruzaingoaren 30 buruzagik dimisioa eman dute

1:29

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foruzaingoaren 30 buruzagik dimisioa eman dute, Nafarroako Polizia Lege berriaren aurkako daudelako.

Atzo arratsaldean eta gaur goizean bilerak egin dituzte eta egoera aztertu ostean kargua uzteko erabakia hartu dute. Hala jakinarazi du Foruzaingoaren Elkarte Profesionalak.

Hiru dira dimisioa eman ez duten goi-kargu bakarrak: komisario nagusia, komisario bat eta bitarteko inspektore bat.

“Asteburu honetan jada ez da unitate arduradunik izango”, adierazi du Santiago Arraiza Foruzaingoaren Elkarte Profesionaleko idazkari eta Foruzaingoaren Pertsonal Batzordeko presidenteak.

“Nafarroako Polizia Lege berriak ekarriko dituen soldata eta ordutegi aldaketak dira dimisio hauen guztien atzean dauden arrazoiak; lankide askori ordainsaria murriztuko diete eta hemendik aurrera unitateak kudeatzeko arazoak izango dira”, azaldu du Juantxo Zabalza Foruzaingoaren Elkarte Profesionaleko presidenteak.

Araudi berria joan den legegintzaldian onartu zuen Nafarroako Parlamentuak eta urriaren 1ean sartuko da indarrean. Alabaina, aurretik, Foru Gobernuak lege berria abian jartzeko dekretua onartu beharko du.

Araudiaren zirriborroa aintzat hartuta, 256 poliziari jaitsiko diete soldata; 700 bati, berriz, igo.

Foru Gobernua: "Ez dugu xantaiarik onartuko"

Bestalde, Maria Josem Beaumont Barne kontseilariak esan du Nafarroako Gobernuak ez duela xantaiarik onartuko eta legea bete egin behar dela, “kontrakoa prebarikazioa litzatekeelako”.

Foruzaingoaren araudian dimisioak aintzat hartzen ez direla zehaztu du eta, beraz, lasaitasunerako mezua igorri du. Aipatu buruzagiek arduraz jokatuko dutela eta herritarren segurtasunerako zerbitzua bermatuta egongo dela ziur agertu da.

Kontseilariak agerraldia egin du Foruzaingoaren 30 buruzagi eta arduradunek dimisioa eman dutela jakin ostean.

 
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Nafarroa Eguneko albisteak Nafarroako Gobernua albisteak Nafarroako Parlamentuko albisteak Nafarroako Foruzaingoa