Politika -

Gobernu osaketa

Ezezkoari tinko eusteko eskatu die Errejonek euskal alderdi politikoei

Podemoseko idazkari politikoaren esanetan, Mariano Rajoyk porrot egingo du inbestidura saioan eta Espainian aldaketa gobernua osatzeko bigarren aukera irekiko da orduan.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Errejon Podemoseko idazkari politiko eta Podemosek Espainiako Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak gaur adierazi duenez, Mariano Rajoyk porrot egingo du datorren asteko inbestidura saioan eta, hala izanez gero, "aldaketa gobernua" osatzeko "bigarren aukera" bat izango da. Dena den, horretarako ezinbestekotzat jo du Rajoyri ezezko botoa emango diotela iragarri duten euskal alderdiek eta alderdi espainiarrek beren hitza betetzea eta "ezezkoan tinko mantentzea".

Errejon Ahal Duguko bigarrena ere badena Bilbon da gaur Euskadiko Ahal Duguko Herritarren Kontseiluan parte hartzeko. Errejon pozik agertu da, haren esanetan, Rajoyren eredua errepikatuko ez delako, nahiz eta Ciudadanosek kasik ezeren truke eman dion bere babesa PPri.

Podemoseko buruzagiak azpimarratu duenez, Rajoyk hurrengo astean Espainiako Gobernuko presidente aukeratua izatea lortzen ez badu, "aldaketa gobernua" gauzatzeko "bigarren aukera" izango da.

Horretarako, ordea, "nahitaezkoa da Rajoyri ezezkoa emango diotela esan duten alderdi guztiek beren hitza betetzea", euskal alderdiei eta estatu mailako alderdiei erreferentzia eginez.

Bestalde, Errejonek azpimarratu du PPk ez duela inoiz bere alboan izango Podemos; alderantziz, "eskubide sozialak, zerbitzu publikoak eta herriaren burujabetza berreskuratzeko pausoak eman nahi dutenek Podemosen eskua luzatuta izango dute".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Hauteskunde orokorrak Espainian Espainiako Gobernua albisteak Espainia bideoak Alderdi politikoak albisteak Eguneko albisteak Podemos albisteak Euskadiko Podemos-eko albisteak