Politika -

Defizitaren aurkako plana

Jaurlaritzak 87 milioi euro aurreztuko ditu soldata-kostuan

Gastu arrunta gutxituko du, oinarrizko gizarte zerbitzuei eutsiko die eta erreforma fiskala egiteko akordioak bultzatzea eskatuko du, soldata-kostuan %5 (87 milioi euro) aurrezteko asmoz.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak %5 gutxitu nahi du soldata-kostu publikoa, alegia, 87 milioi euro aurreztu nahi ditu. Hain justu, hori da Patxi Lopez lehendakariak martxan jarriko dituen neurrien bidez lortu nahi duen helburua, Legebiltzarrean jakinarazi duenez. Espainiako Gobernuak defizit publikoa murrizteko onartuko duen lege dekretua Euskadin nola ezarriko duen azaldu du lehendakariak Gasteizko Ganberan eta Kontzertuaren Batzorde Mixtoaren ez ohiko bilera deituko duela iragarri du.

Estatuan bezala Euskadin ere erreformak eta neurriak beharrezkoak direla eta, horregatik, herritarrei dei egin die nor bere ahalegina egin dezan. Hain justu ondoko neurriak abiatuko ditu Jaurlaritzak soldaten gastua %5 murrizteko: administrazio publikoko langileen eta Jaurlaritzako goi kargudun guztien soldata murrizpena eta lan-taldeen berrantolaketa, gastu korrontearen murrizketa, administrazioen arteko bikoiztasunarekin amaitzea eta zerbitzu sozialei eta inbertsioei eustea. Halaber, pentsiodunek gastu farmazeutikoari egiten dioten ekarpen sistema aldatzea proposatu du, errezeta bidezko ordainketa proposatuta.

Soldaten jaitsiera

Euskal administrazio publikoko langileei dagokienez, Espainiako Gobernuak 2010erako iragarritako soldaten jaitsiera ezarriko du Jaurlaritzak, baina Gobernu Zentralaren araudiak derrigorrez betetzeko eskatzen duten puntu horietan euskal autogobernuaren berezitasuna kontuan izanda eta mailakatuta.Erretiroa dela eta 166 plaza eta azken 12 hilabeteetan bete ez diren beste 138 amortizatuko direla iragarri du. Lan pilaketagatik kontratatuko langileen kopurua %8 murriztuko dute eta ordezkapenak egiteko langileen kopurua ere beste %8.

Eusko Jaurlaritzako goi kargudun guztien soldatak jaitsiko dituzte, funtzionarioei ezarriko zaien murrizketarik handiena baino puntu bat gehiago. Halaber, goi kargudunen eta aholkularien berrantolaketa egingo dute. 2001n kargu publiko guztien eta administrazioko langile guztien soldatak izoztuko dituzte. Gastu arruntak

Bestalde, farmazietan saltzen diren sendagaiei dagokienez, % 7,5eko murrizketa proposatu du, 25,2 milioi euro aurrezteko. Estimazio horren arabera, farmazietarako eta erreferentziazko prezioetarako hartutako neurriei esker 8,73 milioi euro aurreztuko dira. Patxi Lopezek sektore publikoan produktibitateari buruzko batzordea osatzea proposatu du, aukera ezberdinak aztertzeko eta politikariei konponbide estrukturalak eskaintzeko asmoz. Horrenbestez, pentsiodunek farmaziako gastuari ekarpenak egiteko indarrean dagoen sistemaren aldaketak izango lituzkeen ondorioak aztertzea planteatu du eta, ildo horretan, pentsiodunek errezeta bakoitzeko ordaintzeko aukera aztertzea.

Sektore publikoa

Enpresa publikoen sarea sakonki erreformatu behar dela ere esan du lehendakariak eta, nabarmendu duenez, konpainia batzuei dagoeneko jakinarazi diete autofinantziazioaren bidea hautatzearen komenientzia. Oinarrizko zerbitzu sozialak bere horretan mantentzearen aldekoa da lehendakaria, hala nola, seme-alabak izateagatik egun ematen diren laguntza-sistema. Hori bai, laguntza horiek datozen bi urteetan igoko ez direla zehaztu du. Inbertsioen kasuan, aurrikusitako aurrezkiek ez dutela 2010eko inbertsioen gastuan eraginik izango azaldu du. Horrez gain, azpimarratu du lehentasuna izango dela ''Euskal Y''a eraikitzeko Gipuzkoan egingo den inbertsioa mantentzea.

Diputazioak

Bestalde, sistema fiskalaren inguruan hausnarketa bat egin behar dela babestu du eta proposamen hori luzatu die ahaldun nagusiei; gauza bere egingo du Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin biltzen denean. Bitartean, iruzur fiskalaren aurka lanean zorrotz jarraitzeko deia egin du lehendakariak.

&' || 'nbsp;

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea