Politika -
Bakerako Hezkuntza Plana
EAJk Hezkuntza Planari buruz egindako proposamena kritikatu du PSEk
Jose Antonio Pastor euskal sozialisten bozeramaileak uste du jeltzaleek helarazi dioten testua ez dela egokia eta asteburua baino lehen jeltzaleekin bilera egiteko asmoa iragarri du.
Erredakzioa
Jose Antonio Pastor PSEren bozeramaileak kritikatu egin du EAJk Bakerako Hezkuntza Planari buruz egindako proposamena. Haren irudiko, EAJk proposatutako testua ez dagokio "gobernuko alderdi baten ardurari". Hala ere, espero du maiatzaren 31 aurretik iritsiko dela akordioa jeltzaleekin.
Bozeramaile sozialistak azaldu duenez, EAJk atzo helarazi zien testua aztertzen ari dira oraindik, eta asteburua iritsi baino lehen jeltzaleekin bildu nahi dute. Dena dela, datozen egunetarako utzi dute balorazio ofizial eta zehatza.
Pastorrek gogorarazi du abiadura eman nahi dietela negoziaketei, datorren ikasturtean indarrean izan nahi dutelako. Hori dela eta, honakoa gaineratu du: "Ezin dugu amaierarik gabeko espiral moduko batean sartu helburu zehatzik gabe eta oztopatzeko edo mantsotzeko asmo hutsarekin".
"Hasiera hasieratik esan genien akordioa lotzeko epemuga bat zegoela, maiatzaren 31, eta posible dela uste dut. Hurrengo bileran ikusiko dugu zein den haien benetako borondatea", gaineratu du.