Politika -
Eskandalua
Maria Segui Trafikoko zuzendari nagusiak dimisioa eman du
Trafikok Francisco Lopez Valdes senarraren ikerketa proiektuak finantzatu ote zituen argitzeko prozesu bat zabaldu zuen Barne Ministerioak uztailaren 12an.
Agentziak | Erredakzioa
Maria Segui Trafikoko zuzendari nagusiak dimisioa eman du, eta Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak onartu egin dio. Seguiren senarrak ikerketa proiektu batzuen diru-laguntzetan izandako ustezko irregulartasunekin zerikusia du.
Seguik lau urte eta erdi eman ditu karguan. Trafikok Francisco Lopez Valdes senarraren ikerketa proiektuak finantzatu ote zituen argitzeko prozesu bat zabaldu zuen Barne Ministerioak duela egun batzuk.
Barne Ministerioak jakitera eman duenez, egindako lanagatik eskerrak eman dizkio Fernandez Diazek Seguiri, “trafiko istripuetan hildako jendearen 1960ko marka hautsi dutelako” bere agintaldian.
Oraingoz, Cristobal Cremades Rodriguez Trafikoko Zuzendaritza Nagusiko (DGT) idazkari nagusiak ordezkatuko du Segui.
Datorren astean
Erabakia pertsonalki hartu omen du Maria Seguik, baina barne ikerketaren emaitzak oraindik ez dituzte jakitera eman. Ikerketa uztailaren 12an abiatu zuen Zerbitzu Ikuskaritzak, eta emaitzen berri datorren astearen hasieran ematea espero da.
DGTk trafiko, segurtasun eta mugikortasuna hobetzeko egitasmo horiei emandako laguntzak legezkoak izan ote ziren egiaztatu nahi du Ministerioak. Proiektuak Aragoiko Ingeniaritza Ikerketa Institutuak (Zaragozako Unibertsitatea) eraman zituen aurrera.
Lopez Valdes bertan ari zen lanean, eta DGTk 49.950 euroko diru-laguntza eman zion 2012an, El Mundo egunkariak duela egun batzuk argitaratu zuenez.