Politika -
HIZKUNTZA POLITIKA
PSE-EEk dio ezin direla 'profesionalak galdu' euskararengatik
Euskararen ziurtagiri sistema berraztertzea eskatu du Mendiak. Horren arabera, Administrazioak ezin ditu galdu 'balio handiko' profesionalak, euren lanpostuetan eskatzen zaien euskara mailagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
PSE-EE dio euskarak adostasunaren bidez egin behar duela aurrera, ez inposaketen bitartez. Hala, EAEko Administrazioan euskararen hizkuntza eskakizuna lanpostura egokitzea nahi dute sozialistek, eta euskal gizartearen elebitasuna islatu dadila enplegu publikorako sarbidean. Horretarako, euskararen ezagutzaren ziurtagiri sistema birformulatzea eskatu dute.
Idoia Mendia euskal sozialisten buruak PSE-EEk euskararen inguruan egindako azterketaren ondorioak aurkeztu ditu gaur. Mendiaren hitzetan, ezinbestekoa da EAEko Administrazioak hizkuntza eskakizunen sistema berrantolatzea, lanpostu bakoitzari dagokion hizkuntza maila ezarriz. Administrazioak bere "kapital humanoa aprobetxatu" behar duela azpimarratu du, eta ezin dituela "baliozko profesionalak" galdu, euren lanpostuetan eskatzen zaien euskara mailagatik. "Askotan, behar ez duten maila" eskatzen zaiela erantsi du.
Euskarak "gizarte kohesiorako erreminta" izan behar duela esan du Mendiak, eta euskal gizarteak "euskara bere egiteko" estrategia berriak martxan jartzearen alde agertu da. Bide horretan, hizkuntza politikara bideratutako baliabide publikoen erabilera "berraztertzearen eta arrazionalizatzearen premia" nabarmendu du, "eraginkorragoak izateko, ez murrizteko".
Mendiaren hitzetan, euskarak aurrera egin behar du, baina "askatasunez, ez inposaketaren bidez", eta euskara dakiten eta ez dakiten herritarren hizkuntza eskubideak eta eskubide sozialak uztartzearen alde agertu dira euskal sozialistak.
Egun, Administrazioko lanpostu bakoitzari ezarritako hizkuntza eskakizuna euskara menperatzen ez duten herritarrentzat enplegu publiko bat lortzeko oztopo bilakatu dela esan du Mendiak.