Politika -
Presoen argazkiak
Bilboko Herriko Taberna bateko hiru arduradun auzipetu dituzte
39 presoren argazkiak ikusgai izan ziren tabernan. Ertzaintza uztailaren 2an sartu zen lokalean kartelak kentzeko. Auzipetuak maiatzaren 17an deklaratuko dute Auzitegi Nazionalean.
Erredakzioa
Bilboko herriko taberna bateko hiru arduradun auzipetu ditu Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak, terrorismoa goraipatzea egotzita. Antza denez, tabernan 39 presoren argazkiak ikusgai izan ziren, besteak beste, Igor Solana Matarranzena eta Harriet Iragirena. Luis Portero Andaluziako fiskal nagusia hil zuten Iragik eta Solanak.
Auzipetuak maiatzaren 17an deklaratuko dute Auzitegi Nazionalean. Julen Orbea Bizkaiko hiriburuko Erronda kaleko herriko tabernaren arduraduna, Jose Manuel Rivero Marcos tabernako zerbitzaria eta Irrintzi Kultur Elkarteko ordezkari legala dira inputatuak.
Iragan urrian gertakarien inguruan ikerketa zabaldu zuen magistratuak, Daniel Portero Dignidad y Justicia elkarteko presidenteak lokaleko arduradunen kontra kereila aurkeztu ostean. Ertzaintza uztailaren 2an sartu zen lokalean kartelak kentzeko.
2009ko irailean aurkeztutako kereilaren arabera, Irrintzi Elkartearen taberna bahituta zegoen, herriko tabernen aurka Baltasar Garzon epaileak abian jarritako sumarioagatik, ETA-KAS-EKIN egitura finantzatzea leporatuta.