Politika -

POLIZIA-OPERAZIOA

Belgikan atxilotutako 12 lagunetatik hiruri terrorismoa egotzi diete

Gainerako bederatzi atxilotuei Polizia Judizial Federalak galdeketa egin die, eta instrukzio-epaileak aske utzi ditu gerora.

EFE
EFE
Belgikak preso hartutako 12 lagunek atxilotuta jarraitzen dute

1:42

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Belgikan larunbateko goizaldean izandako sarekadetan atxilotu dituzten hamabi lagunetatik hiru terrorismoagatik inputatu dituzte; hain zuzen, "hilketa-ahalegina" egozten zaie, "terrorista- eta talde terrorista baten jardueren testuinguruan, egile bezala edo egileetako bat bezala".

Gainerako bederatzi atxilotuei Polizia Judizial Federalak egin die galdeketa, eta aske utzi ditu, 'Le Soir' Belgikako egunkariak bere edizio digitalean jakinarazi duenez.

Operazio hau zelula bateko kideen aurka egin dute, RTBF kateak esan duenez; izan ere, beste eraso terrorista bat ari ziren prestatzen, Belgikan egiteko. Hala diote egindako ikerketaren emaitzek; ikerketak, Fiskaltzarekin adostuta, berehalako esku-hartzea behartu zuen. Sarekadak Brusela, Valonia eta Flandriako 16 udalerritan egin dute.

Operazioan (40 etxebizitzatan egin dute, eta gainera 150 garaje eta biltegi baino gehiago arakatu dituzte) ez da istilurik izan, eta, orain arte, ez dute arma edo lehergailurik aurkitu.

Atentatua Bruselan egiteko asmoa zuten

'Le Soir' egunkariaren arabera, ikerketan egindako telefono-entzute batek jakitera eman zuen susmagarriek "Bruselan berehalako erasoak egiteko asmoa zutela"; hala ere, Fiskaltzak oraindik ez du ezer esan informazio horren gainean.

Aurreikusita dago aginte federalek beste ohar bat plazaratzea, operazioaren hainbat arlo zehazteko; aukera dago ustez prestatzen ari ziren atentatuen gainean ere hitz egitea.

12 atxilotu, hasieran

Hasiera batean, 12 lagun atxilotu zituzten ostiral gauean Belgikan, terrorismoaren aurkako operazio batean, Rtbf kateak jakinarazi zuenez. Atxilotuei Belgikan atentatuak egin nahi izatea leporatzen zieten.

Belgikako gobernuko lau ministrori egindako mehatxuen ondoren etorri dira atxiloketak, baina operazioak horrekin zerikusia ez dutela esan dute.

Bruselako atentatuekin lotura duelakoan atzo atxilotutako gizonak aireportuan lan egiten zuen

Ostiralean, beste pertsona bat hartu zuten atzo atxilo, Bruselako atentatuekin lotura duelakoan. Dena den, hasiera batean atxiloketa horrek ez ei du zerikusirik terrorismoaren aurka Belgikan abiatutako beste polizia operazio horrekin.

Herenegun atxilotutako 31 urteko gizonezkoak Bruselako Zaventem aireportuan lan egiten zuen eta pistan zeuden hegazkinetarako sarbidea zuen. Halaber, Bruselako atentatuetan Khalid El Bakraoui parte hartu zuen suizidetako baten haurtzaroko laguna ere omen zen. Iturri judizialek baieztatu dute Het Nieuwsblad hedabideak eta Sudpresse taldeko egunkariek gaur aurreratu duten informazioa.

Atxilotua Ali El Haddad Asuf beste susmagarrietako baten laguna ere badela uste dute. Are gehiago, Bruselako Etterbeek barrutiko apartamentu batean elkartu zirela eta Maelbeek metro geltokiko atentatua prestatu zutela uste dute ikertzaileek.

Khalid El Bakraouiren USB memoria batetik jasotako mezuak ere topatu dituzte atxilotuaren ordenagailuan eta mezu horietan Zaventem aireportutik AEBra, Errusiara eta Israelera asteartero hegaldiak irteten direla adierazten da.

Pakete susmagarri bat topatu dute Bruselako sinagoga batean

Pakete susmagarri bat topatu dute larunbat arratsaldean Bruselako Saint-Gilles auzoko sinagoga batean, Le Soir egunkariaren atariak berri eman duenez.

Ingurua hesitu dute eta Poliziak segurtasun perimetroa ezarri du arriskuak saihesteko. Agintarien arabera, poltsa bat da aipaturiko objektu susmagarria.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Belgika bideoak Atentatuak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa