Politika -
'Noos auzia'
Cristina infantak eta Urdangarinek absoluzioa eskatu dute
Infantaren abokatuak "Cristina Borboikoak justizia berreskuratzea" eskatu du, Manos Limpiasek bere kontra izan duen jarrera dela eta.
agentziak | erredakzioa
Pau Molins Cristina infanta espainiarraren defentsako abokatuak absoluzioa eskatu du 'Noos auzia'n, eta "Cristina Borboikoak justizia berreskuratzea", Manos Limpiasek bere kontra "gehiegikeriaz" jokatu duelakoan.
Abokatua herri-akusazioaren ondorioen kontra agertu da "guztiz", zortzi urteko kartzela-zigorra eskatu baitu dukesa ohiarentzat, zerga-delituen nahitaezko laguntzaile izan zelakoan.
Defentsak kritikatu egin du infantaren aurkako "obsesioa" zuela elkarte horrek, baina "ahozko epaiketak bertan behera utzi du" bertsio hori, horren esanetan.
Prozedura Zibileko Lege berriko 247. artikuluan oinarrituta, Manos Limpiasi isun ekonomikoa jartzeko eskatu du Molinsek, bere jardunean fede on prozesalaren printzipioari jarraitu beharrean, "zuzenbidea gehiegikeriaz" erabiltzeagatik.
Urdangarinek absoluzioa eskatu du
Iñaki Urdangarin Cristina infantaren senarrak ere absoluzioa eskatu du, Fiskaltzak 19 urte eta erdiko espetxeratzea proposatzen duen arren.
Mario Pascual Vives defentsako abokatuak ondorioetan azaldu duenez, Urdangarinek 1,2 milioi euro ordaindu ditu ebazpenak ezar diezaiokeen kalteagatik.
Diego Torres Noos Institutuan Urdangarinen bazkide zenak eta Ana Maria Tejeiro horren emazteak ere absoluzioa eskatu dute.
Matas
Bestalde, Jaume Matas Balearretako presidente ohiak zazpi hilabete eta erdiko kartzela-zigorra onartu du, baina isun batekin ordezkatzea proposatu du. Hala ere, Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak bost urteko zigorra eskatu du.
Matasek aitortu du Illes Balears Forum martxan jartzeko Noos Institutua kontratatu zuela 2,3 milioi euroren truke.
Hala, diru publikoa bidegabe erabili zuela eta iruzurra egin zuela aitortu du, eta aitortzak eta kaltea konpontzeak zigorra arindu beharko lukeela iritzi dio.