Politika -

NOOS AUZIA

Urdangarinentzat 19 urteko espetxe eskariari eutsi dio fiskalak

Cristina infantaren senarrak damurik agertu ez duelako eta ustez bidegabe bereganatuko dirua itzuli ez duelako erabaki du Fiskaltzak hasierako eskariari eustea.

Iñaki Udangarin eta Cristina infanta, gaur. EFE.
Iñaki Udangarin eta Cristina infanta, gaur. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Horrach Noos auziko fiskalak eutsi egin dio bere hasierako eskariari; 19 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du Iñaki Urdangarinentzat eta 16 urte eta erdikoa Diego Torresentzat, ustelkeria delitua egotzita. Bien artean antolatutako enpresa sare baten bidez, erakunde publikoetatik 6,2 milioi euro bidegabe, kontratazio publikorako legeak urratuz, bereganatzea leporatzen die biei fiskalak.

Auzitegiko iturriek jakitera eman dutenez, Urdangarinek eta haren bazkide ohiak damurik agertu ez dutelako eta ustez bidegabe bereganatutako dirua itzuli ez dutelako erabaki du fiskalak zigor eskaria mantentzea.

Noos auziko epaiketak 55. saioa du gaur, eta ondorioen txostena eman du jakitera fiskalak, 17 auzipetuen aurrean, tartean Infanta Cristina eta haren senarra. 10:40 inguruan iritsi dira senar-emazteak Mallorcako Justizia Auzitegira. Ondorioak irakurri aurretik, frogen dokumentazioa aurkeztu da.

Horrachen arabera, ongi antolatutako egitura jarri zuten martxan Urdangarinek eta Torresek, faktura eta ordainketa faltsuen bidez, diru publikoa bereganatzeko. Horretarako, Noos Institutua erabili zuten.

Manos Limpias

Manos Limpias sindikatuak, Cristina Infanteren aurkako akusazioa aurkeztu duen erakunde bakarrak, zortzi urteko espetxe zigorra eskatu du Espainiako erregearen arrebarentzat, delitu fiskalak egotzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Cristina infanta albisteak Politika albisteak Epaiketak Eguneko albisteak Eguneko albisteak