Politika -
'Oroimenaren Mapa'n
Zumarragak ETAren lau biktima omendu ditu
Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiaren hitzetan, biktimen "oroimena" da erakundeetako ordezkariek eta herritar guztiek "babestu" behartu duten zer edo zer.
Erredakzioa
Zumarragako Udalak ETAren biktima guztiak eta, bereziki, hildako lau auzokide omendu ditu: Jose Maria Perez Espainiako polizia, Manuel Indiano PPko zinegotzia, Iñaki Mendiluze ertzaina eta Isidro Etxaniz.
Udaletxe atzean kokatutako lorategiaren erdian plaka bat jarri eta lore-eskaintza bat egin diete.
Mikel Serrano Zumarragako alkateak, orain dela hamar urte hildako Jose Luis Lopez de Lacalle El Mundoko kolaboratzailearen testu bat irakurri du.
Omenaldiaren amaieran, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiaren hitzetan, "edozein tirabira politiko albo batera utziz" biktimen "oroimena" da erakundeetako ordezkariek eta herritar guztiek "babestu" behartu duten zer edo zer.
Ekitaldian, halaber, hildakoen senitartekoak eta erakundeetako ordezkaritza zabala izan da: Mikel Cabieces, Gipuzkoako Gobernuko ordezkariordea; Markel Olano Ahaldun Nagusia; Rafaela Romero Batzar Nagusietako presidentea eta Marixabel Lasa, Terrorismoaren Biktimen Arreta zerbitzuko zuzendaria.
Gaurtik aurrera, Eusko Jaurlaritzak eratutako ''Oroimenaren Mapa''n kokatzen da Zumarraga.
Aresen balorazioa azken atxiloketen inguruan
Atzo Iparralden atxilotutako lau SEGIko kideei buruz, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak esan du biktimek ez bezala haiek "epaitegietan beraien burua defendatzeko aukera izango" dutela.
Bere sailak "terrorismoarekin amaitu eta bakea eta askatasuna indartzea" erabaki duela azpimarratu du Aresek eta, aldi berean, "terrorismoaren behin betiko bukatzeko lanean jarraitzeko" Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa berretsi du.