Politika -
Barajaseko atentatua
Fiskala: "Herritar askoren itxaropenarekin amaitu zuen ETAk"
Fiskalaren arabera, "bi herritar ekuadortar hiltzearekin batera, ETAren indarkeriaren azkena iritsi zela uste zuten herritarren itxaropena hautsi zuen ETAk".
Erredakzioa
Fiskaltzak, akusazioek eta defentsek azken txostenak aurkeztuko dituzte gaur 2006ko abenduan Barajaseko T-4 terminaleko atentatuagatik egiten ari den epaiketan. Igor Portu, Mattin Sarasola eta Mikel Sebastian ETAko ustezko kideen aurkako epaiketaren azken egunean atentatuarekin Ekuadorreko bi herritar hiltzeaz gain, su-etena hautsi zuen erakundeak eta horrekin batera "ETAren indarkeria azkenean zela uste zuten herritar askoren itxaropena ere", Daniel Campos Auzitegi Nazionaleko fiskalaren arabera.
Hain justu, 1.120 urteko espetxe zigorra eta biktimen familientzat 500.000na euroko kalte-ordain eskatu du fiskalak, gertakarietan parte hartu zutela ondorioztatzeko "froga irmoak eta independenteak" daudelako. Gainera, egileek beraiek atentatuarekin "mina, kalteak eta heriotzak" eragin nahi zituztela aitortu egin zutela nabarmendu du.
Hirugarren saioa
Atzoko saioan guardia zibilek esan zutenez, ETAk lau dei egin zituen Barajaseko aireportuan bonba-furgoneta jarri zuela ohartarazteko. Dei horiek aztertu dituzten Guardia Zibilaren adituek %98ko segurtasuna dute abisua eman zuena Igor Portu izan zela esateko.
1.120 urtera igo dute kartzela-zigor eskaera
Hasiera batean Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 900 urteko espetxe-zigorra eskatu zuen hiru inputatuentzat, baina atzoko saioan zigorra 1.120 urtekoa izatea galdegin zuen, atentatuan zauritu ziren lagunen kopurua 41 barik, 52 izan zirelako.
Hala iragarri zuen Daniel Campos fiskalak. Era berean, Igor Portuk, Mattin Sarasolak eta Mikel San Sebastianek Carlos Alonso Paleteren eta Diego Armando Estacioren senideei 500.000 euroko kalte-ordaina emateko eskaera egin zuen.