Politika -

Pontevedra

Rajoyri eraso egin zion adingabea zaintza-zentro batera bidaliko dute

17 urteko gazteak Gobernuko presidenteari iragan abenduan ukabilkada eman zion Pontevedran, azken hauteskunde-kanpainan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iragan abenduan Mariano Rajoy Gobernuko presidenteari eraso egin zion 17 urteko gaztea zigortu du adin txikikoen Pontevedrako epaitegiak. Hala, adin txikikoen zaintza-zentro batean bi urte eman beharko ditu gazteak erregimen itxian eta beste bat zaintzapeko askatasunean. Azken hauteskunde-kanpainan gertatu zen erasoa, Rajoy Pontevedratik paseatzen ari zenean.

Iturri judizialek baieztatu dutenez, Fiskaltza eta adingabearen abokatua akordio batera heldu ondoren eman dute epaia.

Esan bezala, hiru urte eman beharko ditu zaintza-zentroan, bi erregimen itxian eta beste bat zaintzapeko askatasunean, buruzagi bati egindako eraso larriagatik.

Mariano Rajoyk ez du adingabearen aurka egin. Erasotzaileak gertakariak onartu zituen, eta adin txikikoen epailearen aurrean damutu zen epaiketan.

Akordioarekin Ministerio Fiskalaren eskakizuna murriztea lortu dute; izan ere, bost urteko zigorra eskatu zuen fiskalak, hiru erregimen itxian eta beste bi zaintzapeko askatasunean. Hasieran eraso “oso larritzat” jo zuen Fiskaltzak, baina gero atzera egin du.

Berreziketa programa

Gaztearen abokatuak jakitera eman duenez, adingabeak sei hilabete eman ditu dagoeneko Monteledoko zentroan, Pontevedrako argibideetako epaitegiak kautelazko neurria ezarri ziolako.

Bestalde, gazteak berreziketa programa batean parte hartu beharko du. Honezkero, erasotzailea adin nagusikoa da, martxoan urteak bete ondoren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Rajoy albisteak Albisteak