Politika -
Sevillako Auzitegia
Griñanek apelazio-errekurtsoa aurkeztuko du datorren astean
Griñanen abokatuak azaldu duenez, autoa "kolpe latza" izan da eta "nahigabea" eragin die.
agentziak | erredakzioa
Jose Antonio Griñan Andaluziako presidente ohiak apelazio-errekurtsoa aurkeztuko du datorren astean, Instrukzio Auzitegiko epaile laguntzaileak Andaluziako lan-erregulazioko txostenen auzian emandako autoaren aurka. Diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzi zion epaileak Griñani atzoko autoan.
Griñanen abokatuak, Jose Maria Mohedanok, Onda Cero irrati katean azaldu duenez, Sevillako epailearen autoa "kolpe latza" izan da eta "nahigabea" eragin die. Izan ere, Auzitegi Gorenak "diru publikoa bidegabe erabili izanaren delitua espresuki baztertu zuen", eta "harritu egin gaitu" epaileak orain delitu hori egoztea "beste oinarri edo arrazoibiderik aurkeztu gabe".
Ildo berean, Mohedanok esan du Gorenak ez zuela delitu hori atzeman, eta orain Sevillako epaileak "ikerketa berririk abiatu gabe" diru publikoa bidegabe erabiltzearen delitua ikusten du.
Hori horrela, "delitu horren inguruan epaileak ez du frogatu Griñanek dirua eraman zuenik edo hirugarrenei mesede egin zienik diru horrekin". "Ez da ezer aipatzen ez delako egia", gaineratu du abokatuak.