Politika -
PSEren Gobernuak, urtebete
Patxi Lopez: urtebete lehendakari, 12 gako
Patxi Lopez lehendakariak Gobernu-bileraren ostean, Artatzako Jauregian, agerraldi berezia egingo du agintean eman duen lehen urtearen balantzea egiteko. Jarraitu zuzenean eitb.com-en.
eitb.com
1. Ez-ohiko hitzarmena. Hauteskunde autonomikoak egin eta hilabetera, 2009ko apirilaren 1ean, Patxi Lopez lehen lehendakari sozialista izatea ahalbidetu zuen hitzarmena sinatu zuten PSEk eta PPk. Alderdi Popularra ez zen Jaurlaritzan sartu, baina egonkortasuna bermatu zion PSEren exekutiboari. EAJk irabazi zituen hauteskundeak, baina historian lehendabiziko aldiz oposiziora igaro behar izan zen. Urtebete geroago, PSE-PP hitzarmenak ez du hausturarik eta 2011ko udal eta foru hauteskundeen ostean akordioa Diputazioetara eta Udaletxeetara eraman lezaketela zabaldu da.
2. Gobernuaren osaketa. Lehendakariorderik gabeko Eusko Jaurlaritza osatu zuen Patxi Lopezek, PSEko sei buruzagirekin eta beste lau kargu independenterekin: Rodolfo Ares (Herrizaingo Saila), Carlos Aguirre (Ekonomia eta Ogasuna), Bernabe Unda (Industria, Merkataritza eta Turismoa), Rafael Bengoa (Osasuna), Blanca Urgell (Kultura), Iñaki Arriola (Garraioa), Isabel Celaa (Hezkuntza), Pilar Unzalu (Ingurumena, Nekazaritza eta Arrantza), Gemma Zabaleta (Enplegua eta Gizarte gaiak) eta Idoia Mendia (Administrazio eta Justizia sailburua eta Jaurlaritzaren bozeramailea).
3. 2010eko aurrekontuak. Abenduan, Eusko Legebiltzarrak Patxi Lopezen Gobernuaren lehen aurrekontuak onartu zituen. PSEk eta PPk alde bozkatu zuten; Aralarrek, EAk eta EBk, kontra; EAJ eta UPyD abstenitu egin ziren, azken hori akats baten ondorioz. 2010eko aurrekontuan 10.315 milioi euroko da, 2009an baino % 1,6 gutxiago, eta aurrikusitako zorra 1.914 milioikoa zen.
4. Kontzertu Ekonomikoaren ''blindatzea''. Otsailean, Euskal Kontzertu Ekonomikoaren ''blindatzea'' onartu zuen, EAJk PSOEren Estatuko aurrekontu orokorrak babestu ostean. Errioxako Gobernuak konstituzio-kontrakotasun helegitea aurkeztu zuen Kontzertu Ekonomikoaren ''blindatzea'' ahalbidetzen duen legearen aurka Auzitegi Konstituzionalean. Gaztela eta Leongo Gobernuak ere maiatzaren 20an Auzitegi Konstituzionalera joko zuela iragarri zuen.
5. Ekonomia adituen batzordea. Martxoaren 3an, Patxi Lopez lehendakariak lehen aldiz bildu zuen Ajuria Enean bere aholkularitza taldea. Ekonomia gaietan Eusko Jaurlaritzak jarraitu beharreko estrategiari buruz irizpideak emango dizkiote. Batzorde ahokularia ekonomia alorreko 25 pertsona ezagunek osatzen dute, tartea Ignacio Sanchez Galan eta Josu Jon Imaz daude. Bestalde, Patxi Lopezek Elkarrizketa Sozialerako Mahaia (Jaurlaritza, Confebask, UGT eta CCOO) jarri zuen abian eta, besteak beste, lan-politiken transferentzia eskatu zuen. ELA eta LAB sindikatuek mahai horretan parte hartzeari uko egin zioten.
6. Hezkuntza: arantzaz beteriko bidea. Bakerako Plana. Patxi Lopezen Gobernuak ''Bizikidetza Demokratikoa eta Indarkeriaren Deslegitimazioa'' izeneko Plana aurrera atera nahi du, "terrorismoari etikoki, sozialki eta politikoki zilegitasuna kentzeko asmoz". Besteak beste, egitasmo honen arabera, terrorismoaren biktimak ikastetxeetara joango dira euren testigantzak ematera. Plan honek polemika handia piztu du alderdi politikoen artean nahiz irakaskuntzaren sektorean. PSEk "akordio zabalak" lortu nahi ditu eta EAJrekin negoziatzen ari da, ekimena babestu dezan.
Hezkuntza Curriculum berria. Martxoan, Eusko Jaurlaritzak Lehen eta Bigarren Hezkuntzarako Curriculum-a onartu zuen. Curriculum horretan ez ditu euskara eta gazteleraren arteko ezberdintasunik egiten: "Bi hizkuntzen hierarkizazio bera dute arautegian". Alabaina, euskarak babes handiagoa behar duela onartzen du, hizkuntza gutxitua delako.
7. ETA eta ezker abertzalea. Terrorismoaren aurkako borroka PSE-PP hitzarmenaren oinarrietako bat da. Akordioa sendoa da, baina Alderdi Popularrak mesfidantza erakutsi du ezker abertzalearen barne-eztabaidaren eta estrategia berriaren inguruan PSEko zenbait buruzagik egin dituzten adierazpenak direla eta. Patxi Lopez lehendakaria izendatu zutenetik, ETAk lau pertsona hil ditu: Eduardo Puelles Espainiako Poliziaren inspektorea, Bilboko Abusu auzoan; Carlos Saenz de Tejada eta Diego Salva Lesaun guardia zibilak Mallorcan; eta Jean-Serge Nerin jendarmea Frantzian, zenbait ibilgailu lapurtu zituen ETAko ustezko kideekin izandako tiroketan. Horrez gain, 2010eko urtarrilean, Ertzaintzak ETAren ustezko talde bat desegin zuen, Ondarroan, Deban eta Mutrikun egindako atxiloketekin.
8. Presoen argazkiak. Eusko Jaurlaritzak terrorismoa goratzen duen sinbolo oro, tartean presoen argazkiak, erretiratzeko agindua eman zuen eta 500.000 euro bideratu zituen udaletxeetara lan hori egin dezaten. Patxi Lopezen Gobernuak martxan jarri zuen lehen ekimenetarikoa izan zen.
9. Inkestak. Euskobarometroak abenduaren 18an argitaratu zuen galdeketak ez zion mesede egin Patxi Lopezi. Galdekatutako lagunen % 71aren arabera, Jaurlaritza berriak "konfidantza gutxi edo ezer" eragiten zuen, eta % 65a PSE eta PPren arteko hitzarmenaren aurka agertu zen. Gainera, Eusko Jaurlaritzak 2009ko abenduan egin eta 2010eko martxoan publikatu zuen inkestak esaten zuenez, euskal gizartearen % 48k uste zuen datozen 2013ko hauteskundeak EAJk irabaziko dituela, % 17k kontrako iritzia agertu zuen bitartean.
10. Kargu-uzteak. 2009ko urrian baieztatu zen Enplegu eta Gizarte gaietako Sailean hiru goi-kargudunek dimisioa aurkeztu zutela. Abenduan, Maite Erro Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Defentsoriako zuzendariak eman zuen dimisioa. Hilabete horretan, hain zuzen ere, PSEk, PPk eta UPyDk Adingabeen Defendatzailearen figura kentzea babestu zuten Legebiltzarrean eta, ondorioz, Jesus Gutierrez (EB) kargutik kendu zuten. Pedro Hernandez Berrikuntza sailburuordeak ere abenduan dimisioa aurkeztu zuen. 2010eko martxoan, Ramon Etxezarretak Hizkuntza Politikan zuen sailburuordetza kargua utzi zuen.
11. Kudeaketa. Azken urtean Patxi Lopezen Gobernuak aldaketa gehiago egin ditu eta beste zenbait egitasmo jarri ditu abian; polemika ere piztu da gertakari batzuen harira: PSEk eta EAJk instituzioetan eta aurrekontuetan egonkortasuna bermatzeko akordioa sinatu zuten, Iñigo Urkulluren alderdiak proposatuta; urriaren 25an Euskadiren Eguna izendatzea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak; aldaketak EITBren zuzendaritzan; lehen aldiz Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza batek Hispanitatearen Egunaren ospakizunetan parte hartzen du, Madrilen; ''Euskal Y''aren lanak azkartzeko neurriak hartu zituen Jaurlaritzak; lehendakariak Brasilen egin zuen atzerrian egindako lehen bisita ofiziala eta Lula da Silvarekin bildu zen.
12. Diputazioekin liskarrak. Urdaibaiko Guggenheim eta San Mames Barria proiektuen harira, EAJ eta PSE ika-mikan murgildu ziren. Gainera, Arabako Diputazioan zentsura-mozioa aurkezteko mehatxua egin zuen PPk eta jarrera horrek Alderdi Sozialistarengandik urruntzea eragin zuen.