Politika -
Harremanak, "hala-holakoak"
EAJrekin "elkarrizketa eta adostasun" aroa espero du lehendakariak
Eusko Jaurlaritzako buruak aitortu du harremanak "hobetu" egin daitezkeela, baina jeltzaleekin Bakerako Hezkuntza Plana hitzartzea posible dela iritzi dio.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak aitortu du EAJrekin dituzten harremanak "hala-holakoak" direla, baina aurrerantzean "elkarrizketa eta adostasun aroa irekitzea" espero duela gaineratu du, besteak beste Bakerako Hezkuntza Plana adostu ahal izateko.
SER irrati-katean egindako elkarrizketa batean, Lopez ziur agertu da harremanak "hobetu" egin daitezkeela, eta jada haiekin akordio batzuk lortu dituztela gogorarazi du, hala nola euskal erakundeei egonkortasuna ematekoa.
Hori horrela, bere ustez, "orain" EAJk eta Eusko Jaurlaritzak Bake Plana "eztabaidatzeko eta hitzartzeko" aroa hasi ahal izango dute.
"Ziur nago akordioak lor ditzakegula Euskadi solidarioa, iraunkorra eta lehiakorra izan dadin", gaineratu du.
Polemika Egibarren adierazpenen harira
Bestalde, Gasteizko Gobernuko buruak esan du "benetako astakeria" dela euskal enpresei haien produktuak Espainian ez saltzeko Joseba Egibar bozeramaile jeltzaleak atzo egin zien deia (Espainia "oztopo" dela esan zuen).
Horren ildotik, Lopezek esan du "enpresaburuek eurek" erantzun beharko lioketela Egibarri, "argi baitago Euskadi kanpora atera behar dela bere produktuak saltzeko", baina Espainiako merkatua utzi barik, hara esportatzen baititu "elkartetik ateratzen dituen produktuen erdiak".
"Espainiako ekonomia ona izatea eta jende on horri laguntzea izan beharko lirateke gure kezkak, ezinezko mugek porrotera eramango gaituztelako", nabarmendu du.