Politika -

Gipuzkoa

Pasaiako Portuko presidenteak onartu egin ditu irregulartasunak

Bestalde, Marisol Garmendia diputatuak Bilduren Foru Gobernuari egotzi dio ardura, Pasaiako lonjaren eraikitze-lanak aurreko legegintzaldian hasi zirelako.

Marisol Garmendia Gipuzkoako diputatua. Argazkia: EFE
Marisol Garmendia Gipuzkoako diputatua. Argazkia: EFE
Pasaiako arrain lonjak bost milioi euroko gain kostuak izango ditu

1:17

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ricardo Peña Pasaiako Portuko Agintaritzaren presidenteak zalantzan jarri du portuko lonjaren proiektua eta onartu egin du irregulartasunak izan zirela. Gainera, portuko zuzendaria jo du irregulartasun horien erantzuletzat.

Peñak agerraldia egin du Gipuzkoako Batzar Nagusietan auzi horren inguruko xehetasunak emateko. Ia hiru orduz egon da azalpenak ematen.

Pasaiako lonjaren eraikuntzak 5 milioi euroko gain-kostua izan zuen. Donostiako Auzitegiko epaile bat kasua ikertzen ari da.

Pasaiako Portuko presidenteak azaldu duenez, egitasmoaren aurrekontua 14.973 milioi eurokoa izan zen hasiera batean, baina ondoren beste bi aldaketak egin ziren proiektuan eta 1.470.227 euro gehiago jarri behar izan zituzten, lehenengo, eta beste 616.498 euro gehiago, gero. Aldaketa horiek legearen baitan egin ziren.

Alabaina, hortik aurrera obrak tramitaziorik gabe eta aurrekontuak exekutatu barik egin ziren, 1.407.000 euro erabilita. Horixe da aldi baterako enpresa-elkarteak bueltatzeko eskatzen duen zenbatekoa.

Horrez gain, 157.659 euroko kostua izan zuten beste zenbait lan gauzatu ziren, inolako baimenik gabe.

Garmendiak aurreko Gobernuari egotzi dio ardura

Bestalde, Marisol Garmendia Gipuzkoako Mugikortasun eta Antolaketa diputatuak ere azalpenak eman ditu Batzar Nagusietan, Pasaiako Portuko administrazio kontseiluko bokala izan zenean egin zituenak azaltzeko.

Garmendiak aurreko Gipuzkoako Foru Gobernuari (Bildu) leporatu dio ardura, Pasaiako Portuko lonjaren eraikuntza-lanak joan den legegintzaldiak abiarazi zirelako.

Lanak 2012an hasi zirela ekarri du gogora, Gipuzkoako Diputazioa Bilduren esku zegoenean, eta epeak betez gero, obra 2014ko lehen hiruhilekoan bukatu behar zela adierazi du. “Baina ez zen hala izan, ingurutik pasatu zen edozein herritarrek ikusi ahal izan zuen moduan”, erantsi du.

Garmendiaren esanetan, 2015eko maiatzean, Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak Donostiako Udalarekin hitzarmena egin zuen, lonja eraikitzeko 2,6 milioi euro bideratuz.

Hori dela eta, Garmendiak dio berak auzi honetan duen erantzukizuna 2015eko irailean hasten dela, Pasaiako Portuko administrazio kontseiluko bokala izendatu zuten unean. Ildo horretan, azpimarratu egin du berak kargua hartu baino hiru hilabete lehenago jakinarazi zuela Ricardo Peñak irregulartasunak antzeman zituztela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Ustelkeria politikoa gaur Pasaia albisteak Gaurko azken ordukoa