Politika -
Hauteskunde orokorrak
Ortuzarrek euskal agenda jarri du baldintza gisa akordioetara heltzeko
Buruzagi jeltzalearen esanetan, Rajoyren eskaintza berandu iritsi da eta 'ez da sinesgarria' euskal gizartearentzat.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidenteak Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteari ohartarazi dionez, jeltzaleekin hitz egin nahi badu euskal agenda kontuan izan beharko du.
"Argi izan dezatela: euskal agenda autogobernurako, euskal agenda bakerako eta euskal agenda krisirako", nabarmendu du buruzagi jeltzaleak. Horrela erantzun dio Ortuzarrek Rajoyri; izan ere, Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak El Diario Vascori eskainitako elkarrizketan adierazi du PP eta EAJ gai askotan elkar ulertzera iritsi daitezkeela.
EAJk Espainiako Diputatuen Kongresurako eta Senaturako Gipuzkoako hautagaiak aurkeztu ditu gaur Donostian, eta Andoni Ortuzarrez gain, ekitaldian izan dira Joseba Agirretxea Kongresurako EAJko Gipuzkoako zerrendaburua eta Maria Eugenia Iparragirre Senaturako EAJko Gipuzkoako zerrendaburua. Ortuzarren esanetan, Rajoyren eskaintza berandu iritsi da eta "ez da sinesgarria" euskal gizartearentzat.
"Sinesgarria izan dadin, Rajoyk eta PPk 180 graduko itzulia eman beharko diote Euskadin aplikatu duten politikari eta jarrerari", gaineratu du. Dena den, Ortuzarrek ez du uste horrelakorik gertatuko denik.
Ortuzarren hitzetan, "Rajoyrena bitxia da, EAJrekin baino Euskal Alderdi Jeltzaleaz gehiago hitz egiten duelako". "Orain, EAJrekin akordioetara heltzea posible dela dio", gaineratu du.
Bestalde, EBBko presidenteak EH Bildu kritikatu du. Haren esanetan, siglei eusten badie ere jada ez da "ezker abertzalea", "ezker antisistema" baizik. Ildo horretan, ekaineko hauteskunde orokorretako "azterketa" pasatzeko haren profila "moldatzea" egotzi dio koalizioari.
Aitzitik, EAJk azterketei beldurrik ez diela nabarmendu du eta abenduko hautagai eutsiko diela gaineratu du. Ortuzarrek azaldu duenez, "Euskadi zen eta da" jeltzaleen lehentasuna. Are gehiago, azpimarratu du jeltzaleak direla Madrilen Euskadiko herritarren interesak defendatzen dituzten bakarrak.