Politika -
ERREGE KOPA
Errege Kopako finalean 'estelada'k erakusteko baimena eman du epaileak
Epaileak autoan adierazi duenez, 'esteladak' ez ditu 'indarkeria, arrazakeria edota xenofobia' sustatzen. Puigdemontek adierazi du joan egingo dela finalera, eta Dancausaren dimisioa eskatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Errege Kopako finalean 'estelada'-k erakustea ez da debekatuta egongo. Hala erabaki du, gaur, Madrilgo Administrazioarekiko Auzien 11 zenbakiko epaileak. Datorren igandean, maiatzak 22an, jokatuko dute finala, Madrilen, Vicente Calderon futbol zelaian, FC Bartzelonak eta Sevillak.
Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkariak debekatu zuen, herenegun, Kataluniako bandera independentista finalean erakustea, kirol-legeak horrela ezartzen duela argudiatuta. Fiskaltzak babestu egin zuen erabaki hori.
Drets elkarteak, Bartzelonako jarraitzaileen izenean, helegitea jarri zion debekuari. FC Bartzelona futbol taldeak ere, atzo, errekutsoa jarri zuen.
Epaileak gaur kaleratu duen autoan adierazi duenez, 'estelada' erakusteak ez ditu indarkeria, xenofobia, arrazakeria edota pertsonen kontrako beste edozein bazterkeria mota sustatzen.
Halaber, estelada "ideologia edo pentsamendu politiko baten adierazpena izanda, ez dute justifikatu zer dela eta urratzen duten ordena juridikoa".
"Aniztasun politikoaren balioak pentsatzeko eta adierazteko askatasuna dakar", adierazi du epaileak, eta, horrenbestez, demokraziak "desadostasuna" babesten duela gogorarazi du, "besteen eskubideekin adeitsua bada".
Era berean, oinarrizko eskubideen jabeak herritarrak direla ebatzi du epaileak, eta ez erakundeak. Horregatik, zehaztu du banderen erabilera ezberdina dela bien artean.
Puigdemontek Dancausaren dimisioa eskatu du
Carles Piugdemont Generalitateko presidenteak Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkaria, Concepcion Dancausa, kargutik kentzeko eskatu dio Exekutiboari eta, gainera, Gobernu zentraleko zenbait ministrok izan duten jarrera "desafiatzailea" -bere esanetan- zuzentzeko eskatu du.
"Ordezkari bat eskubide demokratiko bat urratzen saiatzen denean eta lortzen ez duenean, bere gain hartu behar du erantzukizuna", esan du Puigdemontek prentsaurreko batean. Presidente katalanak Dancausaren dimisioa eskatu du.
Gainera, adierazi duenez, "herrialde normal" batean, gobernuak berehala kenduko luke kargutik "erabat legezkoa den estelada bat debekatzen saiatu den" agintaria.
Presidente katalanak, bestalde, baieztatu egin du Vicente Calderonen jokatzekoa den Errege Kopako finalera joango dela, epaileak hartutako erabakiaren ostean.
Ordezkaritzak ez du helegitea jarriko
Espainiako Gobernuak Madrilen duen Ordezkaritzak esan du "bete" egingo duela epailearen erabakia, eta, hortaz, ez duela haren kautelazko neurriaren aurka helegiterik jarriko.
Nolanahi ere, debekua agintzeko erabilitako argudiei eutsi egiten diela nabarmendu du. "Segurtasun eztabaida da, ez ikurrena", gaineratu du.