Politika -

BBCren arabera

Ipar Irlandan ez dute Iñaki de Juanaren berririk

Azken hilabetean Iñaki de Juana ez da Poliziaren komisariara joan (egunero sinatzera bertaratzeko agindua dauka), ez da bere etxebizitzan egon eta ez da lanera joan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Irlandako agintariek hilabete daramate Iñaki de Juana Chaosen berririk izan gabe, BCCk bere webgunearen bidez zabaldu duenez.

Informazio horren arabera, azken hilabetean ETAko preso ohia ez da Poliziaren komisaldegira joan (egunero sinatzera bertaratzeko agindua zeukan), ez da bere etxebizitzan egon eta ez da lanera joan (bi kafetegitan ari zen lanean).

Gauzak horrela, epaileak ezarritako baldintzak urratu dituela eta Ipar Irlandatik ihes egin duela uste dute. De Juana Belfasten ari zen bizitzen, bermea ordaindu ostean, eta egun Espainiako Justiziaren esku ez uzteko bere abokatuak Ipar Irlandako Auzitegian aurkeztutako helegitearen ebazpenaren zain zegoen.

Bien bitartean, zenbait baldintza betetzeko agindua zuen: egunero Gosvenorreko komisarian sinatu behar zuen, etxebizitza jakin batean bizi behar zen eta gauez kalera ateratzeko debekua zuen. Horrez gain, bi kafetegitan lan egiteko baimena eman zioten.

Espainiako Justiziaren interesak defendatzen dituen abokatuak, Stephen Ritchiek, gaur azaldu duenez, martxoaren 25a ezkero De Juana ez da komisaldegira joan, ezta lanera ere, eta ez dute bere etxean aurkitu. "Ihes egin duela pentsatzeko arrazoiak ditugu", erantsi du.

Bestalde, Sean Devine Iñaki de Juanaren abokatuak adierazi du martxoaren 26tik ez duela bere bezeroaren inguruko berririk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea