Politika -

Punica sarea

Granadosek % 20ko komisioak kobratu zituen, esleipenen truke

Argitara atera da David Marjaliza enpresaburuak epailearen aurrean egindako deklarazioa.

Francisco Granados. EiTB
Francisco Granados. EiTB
Francisco Granados. EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Punica ustelkeria sareko ustezko buruak, David Marjaliza enpresaburuak, instrukzio-epailearen aurrean egindako 13 orduko deklarazioa argitara atera da gaur hainbat hedabidetan.

Marjalizak deklarazio horretan azaldu zuenez, Francisco Granados Madrilgo Erkidegoaren Gobernuko kontseilari ohi eta Madrilgo PPko idazkari nagusi ohiak % 20ko komisioak kobratzen zituen Valdemoroko alkate zenean, herri horretan higiezinen sektoreko esleipenak emateagatik.

Hori horrela, 1999 eta 2007 urteen artean, Granadosek 3.000 eta 6.000 euro artean kobratu zituen, Marjalizak eraikitako etxebizitza bakoitzeko.

“Esleipenak prezio jakin batean ematen baziren, ba zuk hura adostu eta ordaindu egin behar zenuen”, kontatu zion epaileari.

Komisio horiek eskudirutan ematen zituela ere azaldu zuen Marjalizak, batzuetan Granadosi berari.

Ondoren, Madrilgo PPko buru ohiak diru hori hauteskunde kanpainan finantzatzeko erabili zuela uste du Marjalizak. “Ez dut inoiz hori ikusi, baina hala zela pentsatzen dut, hark egiten zituen komentarioak ikusita, hau eta hori ordaindu beharra dago”, gaineratu zuen, epailearen aurrean deklaratu zuenean.

Hain zuzen ere, iazko ekainean deklaratu zuen enpresaburuak epaitegian, eta Velascok bermea ezarri zion espetxetik ateratzeko, ikerketarako lagungarri izan zelako.

PSOEren mitin bat ordaindu zuen

13 orduko deklarazio hartan, Punica sareko ustezko buruak aitortu egin zuen PSOEren hauteskunde ekitaldi bat ere ordaindu zuela, Tomas Gomez Madrilgo Erkidegoko presidentegai sozialistak eta Felipe Gonzalezek parte hartu zuten bat, hain justu.

“Gauza asko ordaindu nituen: mitinak, banderak, edariak… gauza asko”, laburbildu zuen, epaileak gastua zenbatekoa izan zen galdetu zionean.

“Ia alderdi guztiei egin nizkien ordainketak”

Gaur La Sexta telebista katean egindako adierazpenetan, Marjalizak esan du Madrilgo Erkidegoko “ia alderdi guztiei” egin zizkiela ordainketak esleipenen truke, eta gaineratu du legeak aldatu ezean hori etorkizunean ere gertatuko dela.

“Ia alderdi guztiak” aipatu baditu ere, ordainketa “gehienak” PPk jaso zituela zehaztu du, garai hartan Madrilgo udal gehienak alderdi horren esku baitzeuden.

“Sektore horretan [eraikuntza] lan egin nahi zuenak egin behar zuen egin behar zuena. […] Mundu guztiak bazekien Madrilgo Erkidegoan etxebizitza bat eraikitzeko ordaindu egin behar zuela, eta hori zen egin genuena lan egin ahal izateko”, adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak PP Espainia albisteak Ustelkeria politikoa gaur Gaurko azken ordukoa