Politika -

Erabakia

Diez aske uzteko aginduaren aurkako helegitea aurkeztu du fiskalak

Astelehenean, Garzon epaileak LABeko idazkari ohia 30.000 euroko findatzapean aske utzi zuen, bere ama zaindu behar zuela argudiatuz. "Asmatutako arrazoia" dela uste du Fiskaltzak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Rafa Diez LABeko idazkari nagusi ohia aske utzi zuen aginduaren aurkako helegitea aurkeztu du gaur. Baltasar Garzon epaileak aste honetako astelehenean aske utzi zuen Rafa Diez, 30.000 euroko fidantzapean, bere ama zaindu behar zuela argudiatuz. Fiskaltzaren ustez, Diezek aurkeztutakoa aske gelditzeko "nahita asmatutako arrazoia" da.

Diez Usabiaga kartzelan egoteko arrazoiak egun mantendu egiten direla nabarmendu egin du Vicente Gonzalez fiskalak epaitegian aurkeztu duen idazkian (iazko urrian atxilotu zuten, ''Bateragune''ren bidez Batasuna berreraikitzen saiatzeagatik). Horrez gain, Rafa Diez-ek aurkeztutako argudioa kartzela "saihesteko" asmatutako arrazoi "artifiziala" dela uste du Fiskaltzak.

Rafa Diez ezker abertzaleko kide eta LABen idazkari nagusi ohia astelehenean libre geratu zen, 30.000 euroko bermea ordaindu ostean, bere ama zaintzeko ardura baitu, sindikatu abertzaleak jakinarazi zuenez.

2009ko urriaren 13an atxilotu zuten ezker abertzaleko beste kide batzuekin batera, Arnaldo Otegi tarteko, Batasuna berregituratzea leporatuta.

Hori bai, hamabost egunean behin amari emandako zainketari buruzko informazioa helarazi behar dio Garzon epaileari, Epaitegira joan behar du astean bi aldiz eta ezingo du Espainiako Estatua utzi.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea