Politika -

Diputatuen Kongresua

Egoera ekonomikoaz gezurra esatea leporatu dio Rajoyk Zapaterori

Gobernuaren kontrolerako saioan, Jose Luis Rodriguez Zapaterok berretsi du egoera ekonomikoa hobera egiten hasi dela eta Rajoyk datuak ezkutatzea egotzi dio.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi du "atzeraldi ekonomikoa atzean uzten hasi garela pentsatzeko datuak" badaudela. Mariano Rajoy Alderdi Popularreko buruzagiak, berriz, Zapatero gezurretan ari dela azpimarratu du.

Rajoyren ustez, Zapateroren sinesgarritasunak "lurra jo du", diru-sarreren eta defizitaren inguruko datuen harira gezurra esaten ari delako. "Jarrera horrekin Espainiako ekonomiari kalte izugarria egiten ari da".

Bestalde, Zapaterok onartu du lehen hiruhilekoan langabezia-tasa % 20ra hel daitekeela, baina bigarren hiruhilekotik aurrera beheraka egingo duela iragarri du. Urtarrila eta martxoa bitartean ekonomiak hazkuntza bat izan duela litekeena dela adierazi ostean, Zapaterok esan du enpleguaren susperraldia "motelagoa" izango dela.

Gauzak horrela, testuinguru ekonomikoak berriro jarri ditu aurrez aurre Zapatero eta Rajoy Gobernuaren kontrolerako saioan. Rajoyk burtsaren jaitsiera, defizit publikoaren igoera eta Alemaniako ekonomiarekin alderatutako zor publikoaren diferentziala erabili ditu argudio moduan.

"Egin behar duena egiteko denbora agortzen ari zaio", nabarmendu du Rajoyk. Zapaterok, berriz, diru-sarreretan izandako igoera, afiliatze datuak eta etxebizitzari buruzko datuak aipatu ditu, Espainia atzeraldi ekonomikoa atzean uzten ari dela esateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea