Politika -
Merkatuek behera
Greziako krisiak urteko minimoetara hurbildu du burtsa
Saio erdian, Ibex-35ek % 2,83ko galerak zituen. Atzo urteko bigarren beherakada handiena izan zuen. Greziak 120.000 milioi euro behar ditu krisiari aurre egin eta porrot ez egiteko.
Erredakzioa
Europaren egitura ekonomikoak kolokan daude berriro, Greziaren erreskatea adostu ezinik baitaude.
Atzo, arriskuak neurtzeko munduko agentzia inportanteenak, Standard &' || 'amp;amp; Poor''s-ek, herrialde hartako zorraren maila murriztu, eta "zabor bono" gisa jo zuen. Ondorioz, Europako burtsak maldan behera etorri ziren, eta %4 eta %6 arteko galerak izan zituzten.
Gaur ere zenbaki gorritan hasi dute eguna. Saio erdian, Espainiako burtsa urteko minimoetatik gertu zegoen, eta haren adierazle nagusiak, Ibex-35ek, % 2,83ko galerak zituen.
12:00etan, burtsa 296,50 puntu galtzen ari zen, eta 10.183 unitateetan zegoen, hots, otsailaren 5ean iritsi zen 10.103 puntuko mugatik gertu (egun horretan jazo zen urteko minimoa).
Merkatuetan dagoen beldurra beste adierazle batean islatu da: Greziak eta Espainiak 10 urtetan ordaintzeko dituzten bonoek Alemaniakoekin duten aldea handitu egin da, 1.140 puntu lehenengo kasuan, eta 125 bigarrenean.
Europako gainerako merkatuak ere gorri daude. Milan % 3,08 egiten ari zen behera saio erdian; Paris % 2,35; Frankfurt % 2,03 eta Londres % 1,07.
Espainian, Sacyrrek, OHLk, Telecincok eta BBVAk zituzten beherakada handienak, %5ekoak baino handiagoak, hain zuzen ere. Haien atzetik, Santander % 4,65 jaitsi da; Endesa % 2,82; Iberdrola % 2,16; Repsol % 1,82 eta Telefonica % 1,49.
Euroak ere indarra galdu du, eta 1,318 dolarretan salerosten ari dira.
Laguntza "garaiz" helduko da
Grezian tragedia galarazteko xedez orain arte adostutako laguntzak ez dira nahikoak izan. Horrenbestez, Nazioarteko Diru Funtsa eta Europar Batasuna erreskate plana handitzeko prest agertu dira.
Hain zuzen, krisiari aurre egin eta porrot ez egiteko, Greziak 120.000 milioi euro behar dituela esan die Dominique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtsako zuzendariak, Alemaniako parlamentuko taldeei.
Baina Alemania eskualde hauteskunde garrantzitsu batzuen atarian dago, eta baldintza zorrotzagoak exijitzen jarraitzen du laguntzak emateko. Izan ere, Greziari horren laguntza handia emateak botoak galtzea ekar liezaiokela uste du Angela Merkel kantzillerrak.
Zenbait herrialde europarrek, bereziki Alemaniak, proposatutako baldintzen inguruko bere iritzia eman du Yorgos Papandreu Greziako Lehen Ministroak. "Europa osoko eta munduko ekonomiara hedatu ez dadin" krisialdia greziarraren "sua itzaltzeko" laguntza eskatu die Papandreuk euroguneko herrialde guztiei.
Nolanahi ere, Europar Batasuneko buruzagiek ziurtatu dute Greziak "garaiz" jasoko duela laguntza, eurogunearen egonkortasuna bermatu ahal izateko.
Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak baieztatu du estatuburuak eta gobernuburuak "maiatzaren 10a baino lehen" batzartuko direla, erreskate plana adosteko.
Bilera horretan, baliteke 90.000 milioi euroko diru-laguntzak hitzartzea.
Merkatuek aldapan behera jarraituko dute
Adituen ustez, merkatuek behera egiten jarraituko dute Greziaren erreskateari buruzko zalantzek irauten duten bitartean. Dena dela, galerak eta beherakadak ez dira oso handiak izango, betiere haien aburuz.
Nuria Ivarezek (Renta 4) azaldu duenez, Alemaniak izango du azken hitza, baina inbertsoreak Greziara begira baino ez daude.
Atzo, Lucas Papademos Europako Banku Zentraleko presidenteordeak Espainia jarri zuen hondamen fiskalaren adibide, eta adierazpen horiek beldurra zabaldu zuten berriro.
Marian Fernandezek (Inversis Banco) uste du galerek epe luzean ere jarraituko dutela, eta batik bat Ibexen izango dutela eragina, baina erreskate planak lasaitasuna ekar lezakeela.
Merkatuak Greziak zorra ordainduko ez duen beldur dira, eta horrek garestitu lezake Espainiaren zorra epe laburrean.