Politika -
Urteurrena
Milaka sumindu Solera itzuli dira M15aren bosgarren urteurrenean
Andaluziako Langileen Sindikatuko (SAT) hainbat kidek gose greba eta kanpaldia hasi dute gauerdian Andres Bodaloren "indultua" eskatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Milaka suminduk batu dira Madrileko Puerta del Sol delakoan M15 gizarte mugimendua sortu zeneko bosgarren urteurrena ospatu, herrialdearen "birsorkuntza politikoa" eskatu eta 2011n Espainian eztanda egin zuen "gizarte sentimendua biziberritzeko".
Martxa 18:00etan hasi da Cibeles plazan, eta milaka lagun bertaratu dira festa eta jai giroan.
Ohiko leloak entzun ahal izan dira Solen: "Bai, ahal da!", "Ez gaituzte ordezkatzen!", edota "Demokrazia deitzen diote eta ez da". Palestinarren, Brasilgo impeachmentaren (Dilma Rousseff kargutik kentzeko prozesua) edota Siriako errefuxiatuen aldeko beste batzuk ere entzun ahal izan dira.
Jardunaldian zehar "oihu mutu" bat egin da, gaur ez baita M15 mugimenduaren bosgarren urteurrena ospatu, baizik eta baita Frantzian sortutako #NuitDebout (Gaua zutik) mugimenduari elkartasuna igortzeko beste hainbat martxa ere.
SATekoen kanpaldia eta gose greba
Diego Cañamero Andaluziako Langileen Sindikatuko (SAT) buruzagi historikoak eta beste 15 kidek gose greba hasi dute gauerdian Andres Bodaloren "indultua" eskatzeko. SATen Jaengo zinegotzia espetxeratu egin zuten Jodarko alkatearen ondokoari jotzeagatik, protesta batean.
"Kanpaldia hasiko dugu Solen, eta ahal dugun denbora gehiena eutsiko diogu, eta bertatik ateratzen bagaituzte, pentsatua dugu non jarraitu gose greba, Andresen askatasuna lortu arte ez dugulako etsiko", adierazi du Cañamerok.
Gainera, SATeko kideak Andres Bodaloren jaioterritik, Jodartik, oinez joan ziren Madrilera, 11 eguneko ibilaldia eginda.