Politika -
Eurovision 2016
Eurovisionek ez zuen ikurrina saio barruan egon zedin utzi
Suedian dagoen Espainiako enbaxadak erreklamazio bat aurkeztu du antolakuntzaren aurrean, galarazi egin baitzuen jaialdia ospatu zen barrutian ikurrina egoterik.
Eitb.eus
Espainiak Suedian duen enbaxadak Twitterreko profil ofizialaren bidez jakitera eman duenaren arabera, erreklamazio bat aurkeztu du Eurovision 2016 jaialdiko antolakuntzaren aurrean, ekitaldia egin zen lekuko (Globe Arena) segurtasun-langileek ikurrina zeramaten lagun batzuei beraiengana hurbildu eta kendu egin baitzieten.
Jaialdia egin aurretiko asteetan polemika labur baina bizia sortu zen; izan ere, Eurovisionek zerrenda bat plazaratu zuen, non zehaztu zuen zein bandera zeuden "bereziki debekaturik" festibalaren atzoko edizioan, eta ikurrina zerrenda beltz horretan zegoen.
Polemikaren ondorioz, Eurovisionek barkamena eskatu behar izan zien irainduta sentitu ahal izan ziren guztiei.
Ohar batean, festibaleko antolatzaileek ziurtatu zuten ulertzen eta aitortzen dutela zerrenda hori publikatzeak ekarri zuen sentsibilizazioa: "Debekatutako banderak agertzen ziren, hainbat erakunde eta lurraldekoak; bakoitzak bere jatorria dauka, eta desberdinak dira euren artean".
Horrez gain, ikurrina Estatu Islamikoaren banderaren pare agertzen zen zerrendatik atera zuen.
Dena dela, ikurrinak debekaturik jarraitzen zuen festibalean; izan ere, toki-, eskualde- edo probintzia-bandera guztientzako betoari eutsi zioten. Beto horren arabera, antolakuntzak bakarrik ahalbidetzen ditu jaialdian parte hartzen duten 42 herrialdeetako banderak eta Nazio Batuetako kideenak.