Politika -

Hauteskunde orokorrak

Rajoyren aburuz, 'izugarrizko akatsa' litzateke iraganera itzultzea

Beste behin nabarmendu duenez, datozen lau urteetan Espainian 20 milioi pertsona lanean egotea duela helburutzat  eta horrek urtero milioi erdi lanpostu sortzea esan nahi du.

Rajoy Malagan. EITB
Rajoy Malagan. EITB
Rajoy Malagan. EITB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy jarduneko presidenteak gaur ohartarazi duenez, datozen ekainaren 26ko hauteskunde orokorrei begira 'izugarrizko akatsa' litzateke iraganera itzultzea eta azken urteetan lortutako guztia "ezabatu" nahi dutenen alde egitea, zeren, bere iritziz, horrek 2011ko egoerara bueltatzea ekarriko luke, eta egoera horretara ez du itzuli nahi "bere onean dagoen inork".

Rajoyk Malagan plazaratu du mezu hori, elikagaiak banatzen dituen lantegi bati egin dion bisitaldian, ekaineko hauteskunde orokorreko aurre-kanpainaren barruan kokatzen dena, Berarekin batera egon dira Fatima Bañez Enplegu ministroa eta Juan Manuel Moreno PPren Andaluziako burua.

"Izugarrizko akatsa litzateke eta Espainiarentzat eta espainiarrentzat oso kaltegarria egin diren erreforma guztiak alde batera uztea", nabarmendu du jarduneko gobernuburuak. Bozen babesa lortzen badu, etorkizunari begira bere xede behinena enplegua sortzea izango dela gaineratu du.

Krisia gainditu izana izan da mintzaldian zehar Rajoyk erabili duen hizpide nagusia, eta bertan Espainiako gizartea goraipatu du egoerari buelta ematea lortzeagatik; alabaina, bere horretan jarraitzeko deia egin du, egitekoa oraindik ez dagoela bukatuta uste baitu.

Bide horretatik jarraitzeko asmoz, "zuhurtziaz, zentzuz eta arrazoia erabiliz" jardutea defendatu du.

Azken bi urteetan milioi bat lanpostu sortu direla gogoratu ostean, beste behin nabarmendu du hurrengo lau urteetan Espainian 20 milioi pertsona lanean egotea duela helburutzat, eta horrek urtero milioi erdi lanpostu sortzea esan nahi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Rajoy albisteak Albisteak