Politika -

Batasunaren adierazpena

Rubalcabak "argitasuna" exijitu dio ezker abertzaleari

Barne ministroak ohartarazi du jada ez du balio "orain ETAra hurbildu, orain ETAtik urrundu" jokoak. Aresek esan du "moralaren kontrakoa" dela ETA gaitzesteko atentatu baten zain egotea.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak "argiago" izateko eskatu dio gaur ezker abertzaleari.

Larunbatean, ezker abertzaleko ordezkariek Bruselako Adierazpenaren eskakizunetan "arreta" jartzeko eskatu zieten "ETAri eta Espainiako Gobernuari". Hain zuzen ere, adierazpenak su-etena exijitu zion ETAri, eta erantzun egokia ematea Exekutiboari.

Hori horrela, Rubalcabak esan du "argitasunaren unea" dela, eta jada ez duela balio "ETAra hurbildu, ETAtik urrundu" jokoak.

Bere esanetan, Batasunak "[harremana] hautsi egin behar du erakunde terroristarekin, joko demokratikoan sartu nahi badu".

Aresen erreakzioa

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak, bere aldetik, esan du "moralaren kontrakoa" dela ezker abertzalea ETAren atentatu baten zain egotea erakunde armatua gaitzesteko, "egunero izaten dituzte adierazpenak egiteko aukerak eta isilik geratzen dira".

Onda Cerori eskainitako elkarrizketa batean, "argi" adierazi dio ezker abertzaleari "ez dutela jendea engainatuko negoziazioaz hitz egiten, ez baitago aukerarik" horrelako prozesurik abiatzeko.

Gainera, Ares "abertzale erradikalei" zuzendu zaie ETAren inguruan "erabakiak hartu" behar dituztela esateko, bizitza politikora "itzuli nahi badute, ezin dute besteek haien arazoak kopondu zain egoterik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea