Politika -

Urriaren 13an atxilotua

Rafa Diez libre geratu da 30.000 euroko bermea ordainduta

Batasuna berriro osatzeko ahaleginean aritzea leporatuta atxilotu zuten, besteak beste Arnaldo Otegirekin batera.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rafa Diez ezker abertzaleko kide eta LABen idazkari nagusi ohia libre geratu da 30.000 euroko bermea ordaindu ostean, bere ama zaintzeko ardura baitu, sindikatu abertzaleak jakinarazi duenez. 2009ko urriaren 13an atxilotu zuten ezker abertzaleko beste kide batzuekin batera, Arnaldo Otegi tarteko, Batasuna berregituratzea leporatuta.

Dena dela, epaileak autoan oharra igorri dio Diez Usabiagari: "Ekintza kriminala egingo du berriro ETA buru duen sare terroristarekin lotutako ekimen batean parte hartzen badu".

Hala adierazi du Auzitegi Nazionaleko epaileak Diez Usabiagak iragan martxoaren 8an aske geratzeko egin zuen eskariari erantzunez. Horrez gain, hamabost egunean behin amari emandako zainketari buruzko informazioa helarazi behar dio, Epaitegira joan behar du astean bi aldiz eta ezingo du Espainiako Estatua utzi.

Garzon Lasarte-Oriako Udalaren txosten batean oinarritu da erabakia hartzeko, izan ere, bertan agertzen denez, Diez Usabiagaren amak "Mendekotasun Legearen laguntzak eskatzeko izapideak bete ditu, semea zaintzaile gisa jarrita", zeren urriaren 16an kartzelan sartu zen arte, "bera izan zen zaintzailea".

Otegiz gain, Rufi Etxeberria, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Amaia Esnal, Txelui Moreno, Miren Zalabeta, Mañel Serra eta Ainara Oiz ere atzeman zituzten operazio berean Euskal Herriko zenbait puntutan, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz.

Etxeberria eta Oiz libre geratu ziren baldinztarik gabe, eta Morenori, Esnali eta Serrari hamarna mila euroko bermea jarri zieten.

Gainerakoak kartzelara bidali zituen Garzonek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea