Politika -
Elkarrizketa ETBn
Mendia: "Bakerako Hezkuntza Plana negoziatzeko denbora dago"
Idoia Mendiak politikari lotutako hainbat gai izan ditu hizpide, hala nola, Euskadiren Eguna, Batasuna eta EAJren arteko bilera edota Ertzaintzaren kontrako tortura salaketak.
Erredakzioa
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Justizia sailburuak adierazi duenez, Patxi Lopezen exekutiboak "ahalegin guztiak" egingo ditu EAJk Bakerako Hezkuntza Planarekin bat egin dezan. Adostasunaren bidean, dokumentua "aldagarria" dela esan du, "baina printzipioei uko egin gabe".
ETB-2n egindako elkarrizketan, Mendiak erantsi du oraindik badagoela denbora "negoziatzeko". Plana onartzeko epea "luzatzea erabaki bagenuen, adostasun zabala bilatu nahi dugulako da".
Antonio Basagoitik plana "bai ala bai" onartuko dutela nabarmendu zuela eta, Mendiak onartu du horrelako adierazpenek ez diotela mesederik egiten adostasuna bilatzeko ahaleginari.
Ikastolek dokumentuari egindako kritiken harira, argi hitz egin du: "Eskola-kontseiluan alegazioak aurkez ditzatela eta orduan aztertuko ditugu kritikak".
Euskadiren Eguna
Legebiltzarrak urriaren 25a Euskadiren Eguna izendatu duela eta, Mendiak esan du "gizarte laikoak" eskubidea duela "jai-egun bat izateko" eta "Estatutuaren garrantzia azpimarratzea" garrantzitsua dela adierazi du.
Aresen kereila abokatuen aurka
Ertzaintzak atxilotu batzuk torturatu egin zituela salatu zuten bi abokaturen aurka Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak jarritako kereila kriminalaren harira, ondokoa esan du: "Salaketa faltsua dela ikusita, ertzain horien izen ona defendatzen ari da departamentua".
Horrez gain, inkomunikazio erregimena bertan behera uztea Jaurlaritzaren esku ez dagoela, "Estatuaren eskumena" dela zehaztu du.
Bilerak Batasunarekin
Joan den martxoan Batasuna EAJren ordezkaritza batekin bildu zela baieztatu ostean eta ezker abertzaleak alderdiekin, sindikatuekin eta bestelako eragileekin bilera-sorta bat hasi duela jakinda, Idoia Mendiak adierazpen irmoa egin du: "Ez dago aukerarik PSE Batasunarekin biltzeko".