Politika -

PP-PSE bilera

PPk ez du "murrizketarik" onartuko Bakerako Hezkuntza Planean

Iñaki Oyarzabalek esan du jatorrizko testuaren "oinarrizko printzipioak mantendu" behar direla. PSE-EEk dio ez dela gai horregatik polemikarik sortu Alderdi Popularrarekin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Oyarzabal PPren EAEko idazkari nagusiak PSE-EEri eta Jaurlaritzari ohartarazi die bere alderdiaren "babesa nahi badute" Bakerako Hezkuntza Planaren "oinarrizko printzipioak mantendu" behar dituztela.

Oyarzabalek hedabideen aurrean hitz egin du PSE-EErekin Jaurlaritzan duten akordioari buruzko balantzea egin ostean.

Sozialisten eta popularren ordezkariek, hasiera batean hala pentsatuta ez bazuten ere, Bakerako Hezkuntza Planaz hitz egin dute, izan ere, Jaurlaritzak planaren kontra alegazioak aurkezteko epea bi aste luzatu zuen atzo.

PPren idazkari nagusiak ontzat jo du epea luzatzea, "norbera agerian geratuko delako" eta EAJk jatorrizko testuaren "arazoa" zein den esango duelako. Testuan "murrizketarik" ez duela onartuko berretsi du.

PSE-EE

Jose Antonio Pastor PSE-EEren Legebiltzarreko bozeramaileak, bere aldetik, azpimarratu du aipatu planak ez duela "polemikarik" sortu bere alderdiaren eta PPren artean. Horren harira, egitasmoa "ahal den adostasun handienarekin" onartuko dutela azaldu du, eta horretarako beste alderdi batzuengana, EAJrengana bereziki, "gerturatuko" direla.

Pastorrek esan du planak aurreko Jaurlaritzak osatutakoa "osatzen eta hobetzen" duela eta ez duela aurrekoa "hankaz gora jartzen, eta hori badaki EAJk".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea