Politika -

Polemika

Saenz de Santamaria ikurrinarentzako 'errespetua' eskatu du

"Gobernuak behar denean defendatuko du", esan du Espainiako presidenteordeak; Mariano Rajoy presidenteak txio bat idatzi du, Twitterren, non euskal bandera babestu duen.

Soraya Saenz de Santamaria, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB.
Soraya Saenz de Santamaria, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB.
Soraya Saenz de Santamaria, artxiboko irudian. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak euskal herritarrentzako eta ikurrinarentzako "errespetua" eskatu du ostiral honetan; izan ere, ikurrina "konstituzionala, legezkoa eta legitimoa da", eta Gobernuak "behar denean" defendatuko du.

Ministro Kontseiluak jorratu dituen gaien berri emateko prentsaurrekoan, Saenz de Santamariak hitz egin du, kazetariek galdetu ostean, Eurovision eta ikurrinaren gainean piztutako polemikaren gainean; izan ere, festibaleko antolatzaileek zerrenda bat plazaratu zuten, non zehazten zuten zein bandera ezin zuten eraman aurten Eurovisionera. Maiatzaren 14an izango da, eta Stockholmen egingo dute.

Antolatzaileek plazaratu zuten webgune batean dokumentu bat zeinak azaltzen duen lehiaketaren bandera-politika; xedea da jarraitzaileek jakitea zein bandera dauden onartuta, eta zeintzuk ez.

Festibalak, besteak beste, "toki-, eskualde- eta probintzia-banderak" debekatzen ditu, eta Nazio Batuetako kideak diren Estatuen banderak bakarrik onartzen ditu. Arazoa piztu da zeren eta zerrenda horrekin batera taula bat baitago, non agertzen diren bereziki debekatuta dauden bandera-eredu batzuk; izan ere, ikurrina bertan dago, bai eta Estatu Islamikoaren bandera, Palestinakoa edo Kosovokoa, besteak beste.

Saenz de Santamariak adierazi du Ministro Kontseiluak jarraibideak eman dizkiola Jose Manuek Garcia-Margallo diplomaziaako buruari, xede izanik Suediako agintariekin harremanetan jartzea zerrenda beltz hori zuzen dezaten. Era berean, Saenz de Santamariak esan du RTVEko presidente Jose Antonio Sanchezek gestioak egin dituela; asmoa izan da adieraztea ikurrina ezin duela inork hala tratatu.

Rajoyk babesa eman du Twitterren

Mariano Rajoy jarduneko Gobernuko presidenteak txio bat idatzi du, Twitterren duen kontuan, non babesa agertu dion ikurrinari:

Jose Manuel Garcia-Margallo Kanpo Arazoetako Espainiako ministroak esan du "onartezina" dela ikurrina egotea Eurovisionek bereziki debekatuta dituen banderen zerrendan; Margallok nabarmendu du EAEko herritar guztiek, eta Estatuko herritar guztiek ere, maite dutela ikurrina.

Espainiako diplomaziako buruak "premiazko errektifikazioa" eskatu du; izan ere, "ikurrina EAEko herritar guztiek eta Estatuko herritar guztiek ere maite dute, eta, gainera, Konstituzioak babesten du, baina Estatu Islamikoaren banderaren parean jarri dute".

Lehendakariarekin hitz egin du

Garcia-Margallok Iñigo Urkullu lehendakariarekin hitz egin du; halaber, Espainiak Stockholmen duen enbaxadore Francisco Javier Jimenez-Ugarterekin eta RTVEko presidente Jose Antonio Sanchezekin ere hitz egin du. Asmoa da guztiek beharrezko gestioak egitea.

"Onartezina da, eta horregatik eskatu dut errektifikazioa", esan du ministroak: "Espainiar guztiok maite eta errespetatzen dugu ikurrina", gehitu du.

Eurovisionek eta dokumentua zabaldu zuen webguneak, bitartean, barkamena eskatu dute, eta kendu dute dokumentua.

Eurovisionen azalpena

Eurovisionek argitaratu du agiri bat non azaltzen duen "adibideetako zerrenda" hori ez zutela egin plazaratzeko asmoarekin; halaber, barkamena eskatzen die irainduta sentitu diren guztiei.

Festibalaren antolatzaileek azaltzen dute agindu dutela zerrenda segituan kentzeko. Horren ordez beste dokumentu bat jarriko dute; bertan azalduko dute Eurovisionen parte hartzen duten herrialdeetako bandera ofizialak eraman ahal izango direla, eta eskualdekoak edo tokikoak, guztiak, debekaturik egongo direla.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza albisteak Espainiako Gobernua albisteak Eguneko albisteak Ikurrina