Politika -
Antzezlan polemikoa
Titiriteroen obra Madrilen antzeztu dute
Alberto San Juan eta Gloria Muñoz aktoreek 'La bruja y Don Cristóbal' antzezlana antzeztu dute areto pribatu batean jatorrizko egileak omentzeko asmoz.
Agentziak | Erredakzioa
Alberto San Juan eta Gloria Muñoz aktoreek Alfonso Lázaro de la Fuente eta Raúl García titiriteroen 'La bruja y Don Cristóbal' antzezlaneko parte bat antzeztu dute gaur, haien omenez egin den ekitaldian. Antzezpenaren zehar txotxongiloetako batek "Gora alka-ETA" leloa zuen kartel bat erakutsi du.
Aktore biek otsailean Madrilgo Tetuan auzoan antzeztu zen obra birsortu eta jatorrizko gidoia esperantotik gaztelaniara itzuli dute. Horrela egin dute "krimenean are eta gehiago erortzeko", azaldu du San Juanek ironiaz.
Antzezlanaren jatorrizko egileak espetxeratu egin zituzten hura antzezteagatik, eta bost egunez kartzelan igaro ostean aske utzi zituzten. Auzia izapidetzeaz arduratzen den Ismael Moreno epaileak pasaporteak kendu eta beren etxebizitzetatik gertuen dagoen Epaitegian egunero aurkezteko obligazioa ezarri zien. Gerora, arindu egin zuen kautelazko neurri hori, agerraldiak hamabostean behin eta hilean behin izatera pasatuz.
Contexto (ctxt) aldizkariak eta Público egunkariak deituta, hainbat artista, kazetari, idazle, sindikalista, abokatu eta giza eskubideen aldeko aktibistak bi artisten aurka dagoen auzia artxibatzea eskatu dute.