Politika -
Polizia-operazioa
Aresek bere "babes eta laguntza osoa" helarazi dio Urkulluri
Herrizaingo sailburuak ez du esan Iñigo Urkulluren segurtasuna indartuko duen ala ez, baina ETAren helburuak "askotarikoak" direla ohartarazi du.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak bere babesa helarazi dio gaur Iñigo Urkullu EAJko EBBeko presidenteari. Azken informazioen arabera, abokatu batek bera hiltzea gomendatu omen zion erakundeari eta terrorismoari "aurre egiten" dioten guztiak ETAren helburu direla ohartarazi du.
Gobernu bileraren osteko agerraldian, atzo bertan, bai bera bai Alfredo Perez Rubalcaba Barne Ministroa Urkullurekin harremanetan jarri zirela azaldu du Aresek. Orduan, Jon Enparantzak, aurreko astean atxilotutako abokatuetako batek, ETAri buru jeltzalea hiltzea gomendatu ziola jakinarazi zioten.
Sailburuaren hitzetan, datu hori atxilotuen eta ETAren arteko loturaren "beste baieztapen" bat da. Bai berak bai ministroak "beraien babesa" bidali diotela zehaztu du eta ETAri "aurre egiten diegun guzti-guztiak, helburu garela" gogorarazi du.
ETAk EAJrekin dituen asmoei buruz, Aresek ez du esan Iñigo Urkulluren segurtasuna indartuko duen ala ez, abokatuaren "komunikazioa" eta datu gehiago dituztela besterik ez du baieztatu, baina ETAren helburuak "askotarikoak" direla ohartarazi du.
Bilboko atxiloketa
Bestalde, Auzitegi Nazionalarekin elkarlanean burutu dute polizia-operazioaren nondik norakoak eman ditu Aresek. Alberto Marin atxilotu dute kale borrokako ekintza bat egotzita. 2009ko otsailean Deustuko banketxe batean lehergailu bat jarri zuen taldearen usteko kideetako bat zen Marin.
Herrizaingo buruak aditzera eman duenez, material informatikoa eta telefonoak atzeman dituzte bi etxeen miaketetan eta, halaber, atxilotuaren "lekukoa" hartzeko asmoa dutenei atxilotuko dituztela ohartarazi die.