Politika -

Auzipetzea

Presoekiko harremana juridikoa bakarrik izan zela esan du Goioagak

Jone Goirizelaia abokatuak errekurtsoa iragarri du eta auzipetzeak senatariaren "abokatu lana oztopatu" beste asmorik ez duela salatu.

Goioaga, Goirizelaia abokatuarekin batera, Gorenera heltzen. EFE
Iñaki Goioaga. EFE
Goioaga, Goirizelaia abokatuarekin batera, Gorenera heltzen. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak egotzitako delitu guztiak baztertu ditu gaur Iñaki Goioaga EH Bilduko senatariak, eta ETAko presoekin izandako harremana juridikoa izan zela berretsi du. Goioaga deklaratzen izan da goizean Gorenean. Miguel Colmenero epaileak joan den astean auzipetu zuen ETAko kide izatea eta talde armatuari laguntzea egotzita. Goioaga foruduna izaki, Auzitegi Gorenak bakarrik egin dezake haren kontra.

Auzipetze-autoa jasotzera joan da EH Bilduko senataria Gorenera. Izapidea bete du, luzamendutan ibili barik. Hala, fiskalak eta AVTk egindako akusazioak baztertu ditu, eta eurek egindako galderei erantzuteari uko egin dio. Instrukzio epaileari emandako azalpen ber-berak eman ditu oraingoan ere. Hau da, presoekin izandako harremanean abokatu lanetan ibili zela.

Epailearen arabera, ordea, ETAko presoak erakunde armatuaren aginduetara egoten laguntzen zuen Goioagak, abokatu-sare baten bidez, eta frogatuta dago presoei egindako bisitetan "ETAren eta presoen arteko bitartekari lanak" egiten zituela.

Miguel Colmenero epaileak aske utzi zuen Goioaga, behin-behinean. Hainbat badaezpadako neurri ezarri zizkion: 15ean behin etxetik gertuen duen epaitegira joan beharko da; pasaportea kendu eta 6.000 euroko bermea ordainarazi zion.

Jone Goirizelaia Goioagaren abokatuak iragarri duenez, erabakiaren kontrako errekurtsoa aurkeztuko dute. Izan ere, haren iritzian, senatariaren "abokatu lan oztopatu" beste asmorik ez du auzipetzeak.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Auzitegi Gorena argazkiak Presoak albisteak EH Bildu Gipuzkoa Gaurko azken ordukoa