Politika -

BAKEA ETA BIZIKIDETZA

Hauteskunde Orokorrek EAEko legealdian ez eragitea espero du Urkulluk

ETBko 'En Jake' programan egin dioten elkarrizketan, lehendakariak esan du Estatu espainiarrean azken hilabeteotan 'espektakulu politika' egin dutela.

Lehendakariak ez die datarik jarri hauteskundeei

IDOIA ALBERDI | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak gaur ere ez du EAEko hauteskundeak noiz egingo diren argitu. ETBko 'En Jake' saioan hauteskundeei buruz galdetuta, lehendakariak berretsi du bere asmoa hauteskundeak udazkenean egitea eta legealdia dagokionean amaitzea dela. Dena dela, "Legebiltzarreko baldintzak" kontuan hartu behar direla gaineratu du. Egoera normal batean, legegintzaldia agortu egingo litzatekeela ziurtatu du.

Horren harira, Urkulluk nabarmendu du ekainaren 26an egingo diren Hauteskunde Orokorrek EAEko legealdian ez eragitea espero duela. Estatuan berriro hauteskundeak deitzeak herritarrengan "nekea eta gogaitasuna" sor ditzakeela uste du. "Espektakulu bihurtu dute politika abenduaren 20ko hauteskundeak izan zirenetik. Horrek nekea eta gogaitasuna sor dezake iaz boza ematera joan zen herritarrarengan", esan du.

Espainian gobernu berria osatzeko akordio batera heltzeko gauza ez izatea egotzi die lau alderdi nagusiei. Espainiako benetako egoera eta benetako arazoak ezkutatu dituztela esan du. Horrek datozen hauteskundeetan parte-hartzea baldintzatu dezakeela uste du Urkulluk.

Jaurlaritzak legealdi honetan "asko du oraindik egiteko", eta "etenik gabe" horretan ari dela gaineratu du. "Asko dugu oraindik egiteko. Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak", zehaztu du, hauteskundeek aurreratzeko asmorik duen galdetuta.

Bakea eta bizikidetzaKomunikabideek bake eta bizikidetza prozesuetan duten zereginari buruz EiTB gaur eskaintzen ari den programazio berezian hartu du parte Urkulluk. Horren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak "aurrerapauso" asko eman eta bultzatu ditu elkarbizitzari begira, baina oraindik gai honetan alderdien arteko "blokeo guneak" gainditzeko daudela onartu du. Ildo horretan, autokritika egitea "beharrezkoa eta osasungarria" dela iritzi dio. "Jaurlaritzak egin du ariketa hori", esan du.

Gasteizko exekutiboak, besteak beste, kartzela-politikaren alorrean eskumena ez badu ere, proposamenak egitea eta bultzatzea egokia dela adierazi du, "gure zeregina elkarbizitzarako politikak bultzatzea delako".

Ezker abertzaleari buruz galdetuta, Urkulluk esan du bizikidetza errazteko "edozein urrats ongietorria" dela, baina pauso "sendoagoak" nahiko lituzkeela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Lehendakaria EAEko hauteskundeak 2024 Hauteskunde orokorrak Espainiako Gobernua bideoak