Politika -

Nafarroan

Geroa Baik eta EH Bilduk ez dute baztertzen koalizioa orokorretarako

Bi indarretako parlamentu-bozeramaileak prest agertu dira elkar ulertzeko formulak aztertzeko Nafarroan; biek hitz egin dute koalizio horretan Podemos eta Izquierda-Ezkerra egoteko aukeraz ere.

Koldo Martinez, Geroa Baiko bozeramailea. Argazkia: EiTB.
Koldo Martinez, Geroa Baiko bozeramailea. Argazkia: EiTB.
Koldo Martinez, Geroa Baiko bozeramailea. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Geroa Bai eta EH Bilduko parlamentu-bozeramaileek esan dutenez, bi indarrak prest daude Nafarroan aztertzeko ea aukerarik dagoen adosteko Kongresurako hauteskunde-koalizio bat. Biek, halaber, hitz egin dute koalizio horretan Podemos eta Izquierda-Ezkerra ere egoteko aukeraz.

Geroa Baiko Koldo Martinezek kazetariei Nafarroako Parlamentuan esan die abenduaren 20ko hauteskundeetarako "jarrera oso argia" izan zutela, alegia, bakarrean aurkeztea, nahiz eta ordezkaritzarik ez lortu.

Orain, hauteskundeak berriro deituko balituzte, adierazi du, prest leudeke "aukera guztiak aztertzeko"; besteak beste, Nafarroako Gobernuan dauden lau alderdiak elkarrekin joatea (Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerra), edo soilik EH Bildurekin batera joatea. EH Bilduk ere ez zuen diputaturik lortu Nafarroan. "Dena aztertu ahala, aukerak zehaztuko dira", azaldu du.

Araizen apustua: Nafarroako Gobernuko lau alderdien arteko koalizioa

EH Bilduko bozeramaile Adolfo Araizek, ordea, esan du bere apustua dela koalizioa Nafarroako Gobernuan dauden lau alderdien artean egitea, alegia, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerraren artean osatzea. Araizek, dena den, nabarmendu du ez dutela erabakirik hartu, oraindik.

Akordio zabal horretarako, ezinbestekoa da jakitea Podemosen jarrera zein den; Araizek premiatu du Podemos, ahalik eta lasterren gai hau argitzeko; izan ere, hauteskunde orokorrak deitu orduko jakin beharko lukete "zein jarrera duten indar politiko guztiek".

Araizek esan du zalantza handiak dituela Podemosekin, ez dakiela baterako balizko zerrenda horretan parte hartzeko asmorik izango lukeen: "Datorren asterako dena argituta egon beharko litzateke".

Podemosek ere ez du baztertzen

Podemoseko bozeramaile Laura Perezek gogorarazi du nola alderdiko kideek "argi" esan zuten, abenduko hauteskundeak egin aurretik, bakarrik aurkeztea zela apustua, baina orain, "bigarren itzulera izango dela ikusita, eta salbuespen-egoera honetan", ez dute baztertzen hauteskunde-itunak ixtea: "Militanteek erabaki beharko dute", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Albisteak Geroa Bai Nafarroa gaur Alderdi politikoak albisteak EH Bildu Bizkaia Izquierda-Ezkerrari buruzko albisteak Podemos Nafarroako Podemos gaur