Politika -
Agerraldia
Amnistiaren Aldeko Mugimendua: "Anzarena gerra zikinaren afera da"
Jon Anzaren gorpua aurkitu zutenetik "heriotza bere gaixotasunari soilik lotua dela indartu nahi izan dute". Bertsio hori "sinestezina eta ezinezkoa dela" goraipatu dute.
Erredakzioa
Jon Anza ETAko kidearen heriotza "argitzeko" exijitu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Horrez gain, gertaera hau "gerra zikinaren" afera dela berretsi du Jon Enparantza abokatuak.
Enparantzak ohar bat irakurri du gaur arratsaldean, hedabideen aurrean. Jon Anzaren eta beste preso batzuetako familiarrak izan dira agerraldian. Bertan, Jon Anzarena "gerra zikinaren beste afera" dela nabarmendu dute.
"Euskal herritarren gehiengo zabalak barneratu duen bertsio bakarra hori da", azpimarratu du Enparantzak. Horrez gain, Anzaren gorpua aurkitu zutenetik "igorri duten informazio jarioa" salatu du. "Jonen heriotza bere gaixotasunari soilik lotua dela indartu nahi dute".
"Aldiz hain garbiak dira galderak eta hain ilunak erantzunak, gaixotasunaren ondoriozko heriotza sinestezina eta ezinezkoa bilakatzen dutela", gaineratu du.
Anza Tolosako gorputegian martxoan aurkitu zuten, hamaika hilabetez desagertuta egon ondoren.
Zentzu honetan, hainbat galdera egin ditu: "Nola esplikatu ia urte osoan gorpua agertu ez izana" edota "nola esplikatu urtebetez desagerpen honen aurrean isilik egon diren komunikabideentzat gorpuaren agerpena lehen mailako albistea izatea?".