Politika -

Garzonen aldeko ekitaldia

Faxismoaren tresna izatea egotzi diote Auzitegi Gorenari

2.000 lagun baino gehiago bildu dira Garzon epailearen aldeko ekitaldian. Epailearen jazarpenari "bukaera" jartzeko eskatu dute UGT eta CCOO sindikatuek.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2.000 lagun baino gehiago bildu dira gaur Madrilgo Unibertsitateko Medikuntza Fakultatean UGT eta CCOO sindikatuek Garzon epailearen alde antolatutako ekitaldian. Baltasar Garzonen kontrako jazarpena salatu dute eta epailea "frankismoaren eta diktaduraren seme-alaben biktima berri bat" ez bihurtzeko eskatu dute.

Sindikatuetako ordezkariak, intelektualak, aktoreak eta politikako ordezkariak hartu dute parte omenaldian; besteak beste, Pasqal Maragall Kataluniako Generalitateko presidente ohia, Carlos Berzosa UCMko errektorea, Carlos Jimenez Villarejo Ustelkeriaren aurkako fiskala, Candido Mendez (UGT) eta Fernandez Toxo (CCOO) sindikatuetako idazkari nagusiak.

Frankismoaren Ordena Publikoko Auzitegian (TOP) egotea eta "torturen konplizea" izatea egotzi die Carlos Jimenez Villarejok Garzon auzipetuko duten epaileei.

Txalo asko jaso dituen Villarejok azaldu duenez, "begirune falta bat da Garzonen aurkako kereila frankismoaren biktimentzat".

Candido Mendez UGTko idazkari nagusiaren hitzetan, "historian izandako lotsagabekeri baten aurrean gaude, demokrata guztiek salatu behar duten gezurrezko epaiketa baten aurrean".

Ildo horretan, Garzon "iraganeko eta egungo frankisten biktima" dela adierazi du; hori dela eta, "jazarpenaren bukaera" eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea