Politika -
Epaiketa
Jorge Olaiz identifikatu zuen lekukoak uko egin dio deklaratzeari
Aurpegia estalita deklaratu nahi zuen, betaurrekoak eta ileordea jarrita, baina ez diote utzi eta deklaratzeari uko egin dio.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jorge Olaiz iruindarra atentatu saiakera batean identifikatu zuen lekukoak deklaratzeari uko egin dio. Aurpegia estalita deklaratu nahi zuen epailearen aurrean, baina ez diote utzi.
Olaizen kontrako akusazioa lekuko horren testigantzan oinarritzen da. Auzipetua eta beste gizonezko bat Miguel Angel Ruiz UPNko hautetsiaren etxearen inguruan jarrera susmagarrian ikusi zituen eta Polizia ohartarazi zuen.
Olaiz 2014ko maiatzean atera zen kartzelatik, baina joan den otsailean berriro espetxeratu zuten, lekuko horren testigantzarekin auzia berriz ireki zutelako. Olaizek akusazioak ukatu ditu.
Lekukoa eguzkitako betaurrekoak, gezurrezko bizarra eta ileordea jarrita joan da epaitegira. Defentsak aurpegia erakusteko eskatu dio, Olaizek hura ikusteko eskubidea daukalako. Epai-mahaiko presidenteak mozorroa kentzeko galdegin dio, baina gizonezkoak ezetz esan du, bere bizia “arriskuan” jarriko lukeela argudiatuta. “Bizkarretik bi tiro emateko arriskuan jarriko nuke nire burua; pertsona horien helburua horixe zen”, esan du.
Fiskalak ere bere egin du defentsaren eskaera eta gogora ekarri du akusatuak ikusten ez badio bere deklarazioa baliogabetzat jo daitekeela.
Gauzak horrela, fiskalak saioa bihar arte etetea eskatu du, lekukoak gogoeta egiteko denbora izan dezan. Nolanahi ere, lekukoak aurreratu du ez duela iritziz aldatuko.