Politika -

IKERKETA

Euskal herritarren % 66,8, erabakitzeko eskubidearen alde

Ipar Hegoa Fundazioak eta Parte Hartuz (EHU) ikerketa taldeak egin berri duten ikerketak utzitako ondorioetako bat da. Galdetutakoen % 40,7 euskal estatu propioa sortzearen alde agertu da.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko biztanleen bi heren galdeketa bat egitearen alde legoke eta % 40,7 estatu propioaren alde, Ipar Hegoa Fundazioak eta EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeak, 'Euskal Estatua irudikatzen' izenburupean, egindako ikerketaren arabera.

Emaitzen arabera, oro har, herritarren gehiengoak ( % 46,2k) Euskal Herria zazpi lurralde historikoekin identifikatzen du, baina oso gertu daude Euskal Autonomia Erkidegoarekin bakarrik lotzen dutenak ( % 40,9).    Erreferendum batean zer erantzungo luketen galdetuta, gehienak eskal estatuaren alde leudeke, % 40,7. Kontra, berriz,  % 35,3 egongo lirateke. Esanguratsua da, bestalde, lautik batek ez dakiela zer erantzun."Euskal Herriko datu orokorretara bagoaz, emaitzek diote Euskal Herriko inkestatu gehienak Euskal/Nafar Estatuaren alde leudekeela, % 40,7, baina oso hurbil geratuko liratekeela estatuaren kontrakoak: % 35,3. Datu orokorrekin jarraituta, oso esanguratsua da, baita ere, inkestatuetako bostetik batek ez dakiela zer erantzun, edo ez du erantzun nahi, edo  abstenitu egingo litzatekeela", jasotzen da, hitzez hitz, ikerketan.

Erabakitzeko eskubidea

Gehiengo oso zabala, bi heren (% 66,8) dago erabakitzeko eskubidearen alde,  printzipio demokratikoa dela onartuta.

Datu hauekin, ikerketa egin duten Iparra Hegoa Fundazioak eta Parte Hartuz taldeak atera duten ondorio nagusienetakoa ondorengoa da: "Euskal Herrian badago nahikoa masa kritiko euskal estatu baten eraikuntzari ekiteko".

Oro har, zenbat eta gazteago izan, etorkizun politikoa erabakitzeko galdeketa egitearen aldekotasun handiagoa adierazten da: % 80,8 alde, eta % 12,6 kontra, 18 eta 34 urtekoen artean.

Bideragarritasun ekonomikoa

Independentzia  prozesuetan  eztabaida  handia  sortzen  duen  gaia  da  bideragarritasun  ekonomikoarena,  Eskozian  eta  Katalunian  bezala.  Hori dela eta, inkerketaren arduradunek zehaztu dutenez, elkarrizketatuei  esan  zaie  "ahalegin  berezia  egin  dezatela  Euskal  Estatu  baten  aukera  ekonomiaren  ikuspuntutik  aztertzeko,  ea  bideragarria  ote  litzatekeen".

"Oro har, adostasun handia dago balizko Euskal Estatuaren bideragarritasun ekonomikoari dagokionez, eta hala erakusten dute jasotako iritzi gehienek, egoera positiboa eta baikorra marrazten baitute. Datu objektiboak aipatzen dira: egungo adierazle ekonomikoek horixe frogatuko lukete", dio ikerketak.

'Euskal Estatua Irudikatzen.  Euskal Estatuaren aurreko iritziak eta jarrerak Euskal Herrian. Azterketa kualitatiboa eta kuantitatiboa' txostenaren egileak  ondorengoak dira: Julen Zabalo, Ane Larrinaga, Iker Iraola, Mikel Saratxo, Mila Amurrio, Txoli Mateos, Arkatz Fullaondo eta Uxoa Anduaga.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Albisteak Gaur Eguneko albisteak