Politika -
Noos auziko epaiketa
Aizoongo langileak Urdangarinek kontratatzen zituela esan du Tejeirok
Aizoon enpresako aholkulari fiskalak Urdangarin eta Torres kritikatu ditu, epaileak bi horiei egozten dizkien delituak berari leporatzeagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñaki Urdangarinek aukeratzen eta kontratatzen zituen Aizoon enpresako langileak, Miguel Tejeiro Aizoon enpresako aholkulari fiskalak Noos auziko epailearen aurrean ziurtatu duenez. Gainera, hainbat lekukok epaiketan adierazi dutenaren arabera, enpresak itxurazko langileak zituen.
Palmako epaitegian egiten ari diren ahozko epaiketaren hemeretzigarren saioan, Tejerok azaldu du berak zehazten zuela zenbat langile behar zituen Aizoonek onura fiskalak jaso ahal izateko; alabaina, Urdangarinen zeregina zen langileak aukeratzea eta langileei lana ematea.
"Nolanahi ere, beti kontratu bat sinatu beharra dago enplegatzailearen eta langilearen artean", eta, hori dela eta, Urdangarinek parte-hartze zuzena zuen langileak kontratatzeko prozesuan.
Tejeiro hirugarren egunez ari da deklaratzen Noos auziko epailearen aurrean; izan ere, haren deklarazioa birritan eten dute, sekretu profesionala tarteko, hainbat informazio isilean gorde behar duela aldarrikatu dutelako Urdangarinen eta Torresen defentsek.
"Urdangarin eta Torres jaunek izugarrizko astakeriak esan dituzte", adierazi du. Ildo horretan, Tejeirok Urdangarin eta Torres kritikatu ditu, epaileak bi horiei egozten dizkien delituak berari leporatzeagatik eta, gero, kereila bat jartzeko mehatxua egiteagatik isilik egotearren.
Mehatxatuta sentitzen dela azpimarratu du
Segidan, Samantha Romero epaimahaiko presidenteak hartu du hitza, eta Tejeirori adierazi dio ondarearekin lotutako galderei erantzun beharra duela.