Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Ares: "EAJk abertzale erradikalen babesa nahi du"

Gainera, Herrizaingo sailburuak azaldu duenez, Jaurlaritza "lanean ari da"Iberdrolaren egoitza sozialak Euskadin "jarrai dezan" eta Ignacio Sanchez Galanekin eta Florentino Perezekin hitz egin dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak uste du EAJk "abertzale erradikalak faltan botatzen" dituela eta "indarkeria justifikatzen dutenen babesa izatea" nahiko luketela. "EAJk ez du iraganeko akatsetatik ikasi", erantsi du.

Adierazpen horiek Iñigo Urkullu EAJren presidenteak Aberri Egunean esandakoaren haritik egin ditu. Urkulluk abertzaleen batasunerako deia egin zuen Bilbon burututako ekitaldian.

Aresen iritzian, "akats larria eta lotsagarria da" EAJk ETA PP-PSE itunarekin parekatu izana.

Ezker abertzalearen erantzuna

Radio Euskadin egindako elkarrizketan, ezker abertzaleak ETAren azken agiriaren aurrean izan duen jarrera ere izan du hizpide. Bere esanetan, "ez du espero zuen moduan erantzun".

"Beste behin ere ETAren aurka agertzeko eta politika soilik egin nahi dutela esateko aukera izan dute, baina tamalez ez dute egin", adierazi du.

Gauzak horrela, Aresek uste du ezker abertzaleak ez duela "ausardia nahikorik, "ETAren menpe" jarraitzen duela eta bide politikoen aldeko apustua "bitarteko bat" baino ez dela, "instituzioetara ETArengandik aldendu gabe bueltatzeko".

Enpresen blindatzea

Bestalde, Aresek azpimarratu du Eusko Jaurlaritza "lanean" ari dela egoitza soziala Euskadin duten enpresek "berton jarrai dezaten".

Iberdrolari aipu eginez, Jaurlaritzaren "lehentasuna" egoitza soziala Euskadin duten enpresak euskal ekonomiari lotuta segitzea dela nabarmendu du.

Izan ere, Espainiako Kongresuko Ekonomia Batzordeak enpresa batzuek boto-eskubidean dituzten murrizketen inguruko eztabaida egingo du gaur. Ekimena PSOEk aurkeztu du, eta azken erabakiak Iberdrola, Repsol eta Telefonica enpresen gainean eragina izan lezake.

 

Elkarrizketak Sanchez Galanekin eta Florentino Perezekin

Horrez gain, Eusko Jaurlaritza Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako presidentearekin eta Florentino Perez ACSko presidentearekin harremanetan dagoela baieztatu du, "beste enpresari askorekin eta Iberdrolako zenbait akziodunekin dagoen moduan".

Aresek esan duenez, Galanek "kezka" agertu die, blindatzea kentzearen aurka dagoelako. "Baina berak badaki Jaurlaritzaren helburua egoitzak Euskadin mantentzen dela", erantsi du.

Ildo berean, Aresek esan du Patxi Lopez lehendakariak Florentino Perezekin hitz egin duela eta enpresariekin harremanak izaten jarraituko dutela iragarri du, izan ere, "Jaurlaritzaren lehentasunetako bat da Euskadin inbertitu nahi duten guztiei egonkortasuna eta segurtasuna bermatzea".

 

 

 

Kongresuan bozkatuko duten lege-proposamen hori Florentino Perezi mesede egiteko prestatu dutela uste duen galdetuta, Aresek erantzun du ez duela pentsatzen hori zehatz-mehatz horrela denik. Bere hitzetan, PSOEk hauteskunde kanpainan hartutako konpromiso bat da eta "agian beste uneren baten proposatu behar zuten".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea