Politika -
AUZITEGI NAZIONALA
Hirugarren aldiz artxibatu dute Zapataren aurka zabaldutako auzia
Irene Villari buruz, 2011an, publikatutako txio baten harira jarri zuen Dignidad y Justiciak Ahora Madrid plataformako zinegotziaren aurkako salaketa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak hirugarren aldiz artxibatu du Guillermo Zapata Ahora Madrid plataformako zinegotziaren aurka zabaldutako auzia, Irene Villari buruz, 2011an, publikatutako txio baten harira. Epailearen iritzian, txio horren helburua ez zen biktimak umiliatzea, eta, beraz, ez du deliturik ikusi horren atzean.
@casiopeaexpress kontutik honako txioa bota zuen Zapatak 2011ko urtarrilaren 31ean: "Alcasserreko haurren hilerria itxi behar izan dute Irene Villa ordezko piezen bila joan ez dadin". Pedrazek nabarmendu duenez, Zapatak zinegotzi kargua hartu baino lau urte lehenago publikatu zuen txio hori.
Bi aldiz artxibatu ondoren, Auzitegi Nazionaleko zigor arloko salak eskatuta zabaldu zuen berriro auzia epaileak. Gaur kaleratutako ebazpenean Pedrazek zehaztu duenez, adierazpen askatasunean babesten da aipatutako txioa publikatzeko eskubidea, eta publikatu zenean ez zuen eragin, epailearen iritzian, Dignidad y Justiciak salatutako "alarma soziala". Esaldia zenbaitentzat "mingarria" izan daitekeela onartu du epaileak.