Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Urkullu: "Bitxia da erreforma Orejaren adierazpenen ostean iristea"

EAJren presidenteak kritikatu egin ditu ezker abertzaleak hauteskundeetan parte har ez dezan Gobernuak iragarri dituen neurriak, "mundu soziologiko bat ito nahi" dutelakoan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak kritikatu egin ditu ezker abertzaleak hauteskundeetan parte har ez dezan Gobernuak iragarri dituen neurriak, "bitxia" delako iragarpena Jaime Mayor Oreja PPren europarlamentariaren adierazpen polemikoen (Gobernua ETArekin negoziatzen ari zela esan zuen) ondoren egitea.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, hauteskunde erreformarekin ezker abertzalearen "mundu soziologikoa ito nahi" dute eta estrategia horrek "porrot" egingo du.

ETAren balizko su-eten bati buruz galdetuta, ohartarazi du ETAk "amaieratik hasi behar duela" eta "indarkeria baztertuko duela iragarri", "50 urteko tragedia nazionalaren ostean garaia delako".

Urkulluk uste du "beti" dagoela su-eten bat izango den esperantza eta "Aberri Eguna data seinalatua" dela. Horren harira, su-eten bat izateko nahia agertu du buruzagi jeltzaleak.

Hala ere, argi adierazi du "beharrezkoa" dela ETAk indarkeria "betiko baztertzea", izan ere, "zeren truke eman behar dute su-eten bat?".

Hori dela eta, honakoa gaineratu du: "Nik indarkeria betiko baztertzea edo ezker abertzaleak ETAri mezu garbi bat bidaltzea goraipatuko nuke".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea