Politika -
Batzar Nagusiek
Gipuzkoak ikerketa independente bat eskatu du Anzaren kasuan
EAJk, H1!ek, EBk eta Aralarrek adierazi dutenez, Amnistia Internazionala edo Human Rights Watch bezalako erakunderen bat behar da ETAko kidearen heriotzaren inguruan dauden "zalantzak" argitzeko.
Erredakzioa
Gipuzkoako Batzar Nagusiek "ikerketa independente" eta sakon bat eskatu dute Jon Anza ETAko kidearen heriotzaren inguruan dauden "zalantzak" eta "puntu beltzak" argitzeko. Ikerketa hori Amnistia Internazionala edo Human Rights Watch bezalako erakunderen batek egitea eskatu dute.
Aralarrek bultzatutako transakzio-zuzenketa baten bitartez egin dute eskakizuna alderdi horren, EAJren, H1!en, EBren eta Aralarren babesarekin, eta PSE-EE eta PPren kontrako botoekin.
Testuan "kezkatuta" agertu dira Anzaren heriotza "oso egoera arraroan" gertatu zelako, eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteari ikerketaren ondorioz sor daitezkeen ardurak "argitzeko" eskatu diote.
Urtebete desagertuta
Jon Anzak 47 urte zituen eta garuneko minbizia zuen. Ipar Euskal Herrian bizi zen eta 20 urteko kartzela-zigorra bete zuen, 1982tik 2002ra, ETAko Lau Haizeta taldeko kidea izateagatik. 2009ko apirilaren 18an ETAko kideekin hitzordua zuen, baina ez zen agertu, erakundeak berak agiri batean jakinarazi zuenez.
Iazko maiatzean desagerpenaren salaketa jarri zuen bere familiak Baionako Fiskaltzan; ikerketa bat jarri zuten abian eta Frantziako Polizia bere bila hasi zen.
ETAk (Gara egunkariari igorritako komunikatu batean) Anzaren desagerpena salatu zuen ere eta Frantziako eta Espainiako Gobernuari leporatu zien bere desagertzea.