Politika -
Memoria Historikoa
Solchaga jeneral frankistaren dominaren enkantea, bertan behera
"Euskal gizartearen zati handi baten sentikortasunari min eman diotelakoan" eten dute enkantea.
Agentziak | Erredakzioa
Jose Solchaga jeneral frankistari garaiko erregimenak emandako sarien enkantea bertan behera uztea erabaki zuen atzo enkante-etxeak, objektuok errematera ateratzeak "euskal gizartearen zati handi baten sentikortasunari min eman diolakoan".
Aurrez enkantea eteteko eskaera egina zion Fiskaltzari EH Bilduk, Memoria Historikoaren Legearen 15. artikulua urratzen zuela argudiatuta.
Atzo, martxoaren 1ean, 19:30ean zen egitekoa saioa, Erandion. Solchagari emandako sarien artean, 1938an Bilboko udal frankistak Jose Solchaga jeneralari emandako urrezko domina zegoen. Bilboko Udalak 2001ean erretiratu zion merezimendua Francoren aldeko militarrari.
II. Errepublikaren kontra altxatu zen Jose Solchaga, 1936ko uztailean. Iruñean zegoen, Mola jeneralaren agindupean. Gipuzkoa hartzeko zutabetako bat zuzendu zuen, eta 1937an Nafarroako taldearen buruzagi egin zuten.
Enkante-etxeak ohar batean adierazi duenez, "ideologia gorabehera, gure euskal kulturarako interesa eduki lezaketen margo, eskultura, altzari eta bestelako objektuak sailkatu, mantendu eta partekatzea" da bere lana.
EH Bilduk Fiskaltzari bidalitako idatzian salatu zuenez, objektu horiek ez dira euren balio ekonomiko edo artistikoagatik saltzen ari. Koalizio abertzalearen iritzian, "Errepublikaren kontrako altxamendu militarraren buruzagietako bat goratuz eta erakundeen emandako sariak izan zirela azpimarratuz" saldu nahi dituzte objektuok.