Politika -

Ustezko iruzurra Araban

Arabako Gobernua ez dago arriskuan, Gerenabarrenaren esanetan

EAJren Arabako presidenteak esan du ikertzen ari diren ustezko iruzur jarduerak ez dutela zerikusirik Diputazioarekin, ezta EAJrekin ere. Hori dela eta, "lintxamendu mediatikoa" salatu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Gerenabarrena EAJren ABBko presidenteak uste du Arabako Foru Gobernua ez dagoela kolokan, Eusko Alkartasunarekin atzo izandako bileran dena argitu zelako.

Arabako ustezko ustelkeria kasuan EAJri lotutako zortzi lagun atxilotu zituzten eta EAk Foru Gobernua uztea aztertuko zuela iragarri zuen. Baina, atzoko bileraren ostean "eztabaida" amaituta dagoela nabarmendu du Gerenabarrenak.

Herri Irratian egindako elkarrizketa batean, kasuaren berri izan ostean EAJk "azkartasunez" jokatu zuela nabarmendu du eta horren adibidetzat aipatu ditu Alfredo de Miguel diputatuaren eta Aitor Telleria EAJren ABBko kidearen dimisioak.

Horrez gain, Gerenabarrenak azpimarratu duenez, ustezko iruzur kasu honetan ikertzen ari diren jarduerek "ez dute Arabako Diputazioarekin zerikusirik, ezta EAJrekin ere". Hori dela eta, "lintxamendu mediatikoa" ematen ari dela salatu du. "Egiak ez diren izugarriak esaten ari dira zenbait komunikabideetan", erantsi du.

Gerenabarrenaren iritzian, EAJren "izen ona zikindu nahi dute" eta adierazpen horien kontra kereilarik jar daitekeen aztertzen ari direla jakinarazi du.

Ildo horretan, auzipetuak "babes gabe" aurkitzen direla adierazi du, izan ere, kasua sekretupean baitago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea